EAJ-Astigarraga Garbia eta Parte-hartzea.

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Gartzia Arruabarrena Astigarragako alkatea 2015ko api. 1a, 02:00


EAJren alkategaiaren iritzia jakin berri dugu EH Bilduko Udal Gobernuak, herritarrekin batera diseinatu duen Parte-hartze arautegiaren inguruan. Beste behin ere, legealdi osoan bezala, EAJko inongo ordezkaririk ez da gerturatu arautegi hau diseina­tzeko egin diren 4 batzarretara; interes apurrik ere ez dute azaldu! Orain kezkatuta eta urduri, Udal Gobernuko ki­deok, eurek ez bezala, gure konpromisoei eusten diegulako.
Ez dute parte-hartu eta ez dute ekarpen eraikitzaile bat bera ere egin. Euren ekarpenak: Idazkariaren txostena eskatu (bere eskaririk gabe ere derrigorrezkoa) eta onarpena atzera­tzea, badaezpada. Hau da EAJk Astigarragaren alde lan egiteko duen grina eta gogoa... hauteskundeak gertu daudela ere, ez dira lanean jarri. Penagarria.
Bestetik, azala behar da, herritarren eskubideak areagotuko dituen aitortza atzeratzea eskatzeko. Eskubi­deak, eskubide dira eta “inoiz ez baino, berandu hobe” dela esan ohi da. 
Baina, zergatik atzeratu orain onar badaiteke? Beste bi ordenantza onartzeko arazorik ez dute izan. Hau atzeratu, zergatik?
Arautegiak parte-hartzean zuzen-zuzenean sakontzen du, herritarrei udal jardunean eragiteko botere izugarria emanez. Kontsulta eskubidea, Alkatea herritarrengana hurbiltzeko mekanismoak eta aurrekontuetan herritarren ahotsa entzuteko tresnak zehazten ditu. 
Kontsulta eskubidea BAI: atez atekoaren, erraustegiaren edo beste edozeren inguruan galdetzea izango da posible. Konpromiso horri eusten diogu, aldiz, badirudi EAJri guztiari buruz galdetzeko aukera egotea ez diola graziarik egiten...
Parte-hartze alorrean, 28 urtean eman ez diren urratsak eman dira legealdi honetan eta arautegi hau inflexio puntua izango da. Tresna potentea da eta helburu bakarra du: herritarrak udal jardueraren erdigunean kokatzea; sinplea bezain konplexua.
EAJk eskubide aitortza hau baztertzearekin herritarren parte-hartzea zokoratu eta udaletxea leku ilun eta urrutikoa berbilakatu nahi du. Euren gobernatzeko estiloan gobernatu nahi gaituzte: hitz polit ugari, gero eurek nahi duten moduan egin eta desegiteko. Ez da berria hau Astigarragan, gobernuan egon zirenean ezagutu genuen. Oposizio eredugarria egiten dutenik ezin dugu esan: gaia prentsara eraman bai, baina Plenoan gai hau eztabaidatzera ez ziren azaldu EAJko zinegotziak....
 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!