Kronikan martxoak 21ean argitaratutako idatzian EAJko bozaremaileak bere ikuspuntua adierazi zuen. Bere jardun politikoari fideltasunez ezin izan zion Kirol zelaien eta Uholdeen eztabaidari seriotasunez eta arduraz erantzun, herri mailan hartu beharreko erabaki garrantzitsu baten aurrean alderdikeria azalekoaz eta EHBilduko gobernu taldearen aurka edozer esateko baliatu zuen aukera hori ere.
Gobernu talde honek ez du inolaz ere baloirik kanpora bota gai honen inguruan, aurrekoan argitaratu genuen idatzia irakurtzen duen edonork ikusiko duen moduan. Gaiari seriotasunez heldu diogu eta izan ditzakeen aukerak aztertzeko beharrezko txosten eta lanak eskatu ditugu.
Idatzi honetan ez dugu hika mikan sartu nahi, ziurrenik berak nahiko lukeen moduan, guk hainbat puntu argitu nahi ditugu.
Batetik, txosten hauetan ez da alderdi ekonomikoa bakarrik aztertu, alderdi legalak, kokalekuari dagozkionak, eta abar aztertu dira, baita harrobiaren aukera ere. EAJko alderdiko zinegotziek ez dute inongo ez batzorde eta ez osoko bilkuratan gaiaren inguruan proposamen bakar bat ere egin. Komunikabideak erabili dituzte berriro ere herriaren aurrean salbatzaile eta kudeatzaile fin eta arduratsuaren itxura emateko.
Bestetik, EAJko idatzian proposatzen den beste irtenbideetako bat da ibaia dragatzea. Benetan ulergaitza egiten zaigu 12 urtez udalean ardurak izan dituen pertsona batek, bai gobernuan eta baita oposizioan ere, ez jakitea Udalak ezin duela bere kabuz ibaia dragatu. Horretarako URA agentziaren baimena behar du. EAJko kide den Ansola jaunak zuzentzen du aipatutako agentzia eta Hernaniko EAJri gonbitea luzatzen diogu berari galde diezaiola ea ibaia dragatzeko baimenik ematen ote duen, baloiak kanpora bota ordez, Hernaniarren alde benetako lana egin dezan.
Lehenago esan bezala, herri mailako arazo hau leia politikotik atera eta modu eraikitzailean, eragile desberdinen, herritarren eta alderdi politikoen artean irtenbide bat bilatzeko, gure inplikazioa berresten dugu.