Jendarteak emakumeen kontrako indarkeriaz duen pertzepzioaz galdetuta, askok uste dute indarkeria horren kausetako bat alkohol edota drogak gehiegi hartzea dela. Eta, gainera, uste dute nahiko lotuta dagoela erasotzaileen arazo psikologikoekin.
Emakumeen aurkako eraso asko drogen eraginpean gertatzen direla badakigu. Egia da, baita ere, drogen kontsumok, askotan, kontrola galtzea eragin edota agresibitaterako joera piztu dezakeela. Baina ez gaitezen engainatu, uste oker horrekin amaitu behar dugu. Erasoak “justifikatzeko” aitzakia bezala erabiltzen da alkoholaren efektupean egon izana, erantzukizunetik libratzeko; norbere “izatetik kanpo” dagoen batek egindako bortizkeria bailitzan.
Egoera horien aurka neska asko altxatu dira. Herri askotan matxinada moduko ekimenak egiten ari dira, esaterako, San Fermin bezperan Iruñean burututakoa eta berriki Hernanin egindako Sagar Moreen Iraultza. Era horretako ekimenak gure herri eta hirietara zabaltzea ezinbestekoa da, parranda giroan eraso sexistak ugariak izaten ari direlako. Ekimen horiekin, erasoen aurkako mezua zabaldu eta autodefentsa feministarako deia egin dute. Baina, era berean, norberak (izan neska, mutil edo dena delakoa) halako jarreren aurrean hartu ditzakeen jokabideak ikasi, asmatu eta praktikan jarri beharko lituzke.
Aldarri horiek aintzat hartzeaz gain, ez genituzke ahaztu nahi egoera ahulagoan dauden eta erasotzen errazagoak direnak, nerabeak (adinez txikiak edari alkoholdunen kontsumorako). Helduon ardura da horiei babesa ematea. Kontsumoaren jendarte honetan, gehienok, alkohola goraipatu eta bedeinkatu egiten dugu, eta badirudi festa ezin daitekeela festa izan edan gabe, atzean miseria eta sufrimendu asko egon arren.
Eta droga hau neurri gabe banatzen, saltzen eta kontsumitzen ikusten dugunean, nolakoa da gure erantzuna? Akaso, ezberdin ikusten al dugu mozkorra, neska ala mutil izan?
Gauaz, festaz, parrandaz eta kaleaz gozatzeko aukera guztiona izan behar da, aspaldi asmatu genuen leloari jarraituz: Ondo pasa, pasatu gabe!
Marian Mendiola Marandalla