Bizitza bakarra, ehundaka pasarte

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Mitxelena Garmendia 2015ko mar. 21a, 01:00

OLATZ MITXELENA GARMENDIA

Badira izan pertsona bereziak. Grabagailua piztuta utzi eta bere hitzak gordetzea zilegi egiten dutenak. Bizitzan zehar aspertu ez direnak, denborarik galdu nahi izan ez dutenak. Segundoak gozatu dituztenak. Horietako bat da Ricardo Jaime Altuna. Ricardo izenez gutxik ezagutzen badute ere, hori du izena eta Jaime abizena.

Jaime-Altuna familia
Donostiako Ategorrieta auzoko Altuna-enea etxean jaio zen, 1927ko otsailaren 10ean. Aurten 88 urte bete berri ditu. Zorio­nak. Bizitzak jira-buelta asko eman ditzake segundo bakarrean, eta zer esanik ez hainbeste segundo pilatu dituen bizitza batean. Hiru anai-arrebetan gazteena bera. Julian Jaimeren eta Mikaela Altuna­ren semea. Ama Donos­tian neskame zegoen iloba batek tifusa harrapatu eta hura zaintzen ari zela kutsatu eta gaixotuta hil zitzaion 2 urte zituenean. Hala, anai-arrebak eta aita izeba Amaliaren etxe ingurura joan ziren bizitzera, Altuna-Eneatik Amarara. Ize­ba, aitaren arreba, San Barto­lo­me kalean bizi zen. Ricardoren aitak bazuen senide bat Bartzelonan, izeba Benita. Hango txokolate fabrika batean lana bazegoela eta beregana joatea gomendatu zion Ricardoren arrebari, fabrikan lanean hasteko aukera emango ziola eta. «Arreba Bartzelonara joan zen eta halaxe gelditu ginen hiru gizon etxean. Asunto txarra ezta?», dio barrez. Hiru gizonak izebaren anparoan bizitu ziren urte batzuez. Lehengusu-lehengusinekin jolasean, anai-arreba moduan hazi ziren; 1936an Gerra Zibila hasi zen arte. Ricardoren anaia 36ko kintakoa zenez gerrara joan beharra izan zuen. Aita eta biak gelditu ziren Amarako etxe hartan.

Donostiatik Bilbora
«Gaua zen, hirurak edo izango ziren. Aitak esnatu ninduen Bilbora alde egin behar genuela esanez. Alde. Donostia erre behar omen zuten!». Bederatzi urte zituen orduan Ricardok. Joan ziren bada aita eta biak izeba, osaba eta lau lehengusu-lehengusinekin batera Vascon­gadaren geltokira. Han altabozak zeuden eta bertatik ozen entzuten omen zen «¡Primero niños y ancianos!, ¡Niños y ancianos!». «Osabak hori en­tzun eta segituan erantzun zuen: umeak eta zaharrak? Goazen denak etxera! Hori egin bazuten, egin zuten. Aita eta biok, ordea, han gelditu ginen eta Bilbora joan ginen».
Bilboko komentu batean hartu zuten ostatu, beste errefuxiatu batzuekin batera. Mutil-kozkor asko zeuden han eta beraiekin jolasten pasa ohi zuen eguna Ricardok. Han zegoela, baina, gaixotu egin zen, sarna harrapatu zuen Nerbioiko ura edateagatik. «Talgo inbentatu zuen gizona ingeniaria zen, trintxerak eta egin zituena, eta Artxandan beste bandora pasa zen. Berak azaldu zien asuntoa non zegoen eta Bilbo urik gabe utzi zuten, ur-sistema lehertu ondoren».

«Gaua zen, hirurak edo izango ziren. Aitak esnatu ninduen Bilbora alde egin behar genuela esanez. Donostia erre behar omen zuten!»

Basurtuko ospitalean sendatu zuten, sulfatodun uretan sartu eta estropajuarekin gorputz guztia arraskatuaz. «Hala bada, hortik ere atera nintzen, baina Bilbon giroa geroz eta hotzagoa zen. Ia egunero aditzen ziren Artxandatik tiro hotsak. Kalean, ordea, behin eta berriz: esto va a durar entre seis y ocho días, esto ya está por terminar». Baina bukaera oraindik urruti xamar zegoen. Julian Jaimek, aitak, Santanderrera joan behar zutela erabaki zuen: «aitak ezagunen bat edo izango zuen txofer zekiena eta hala joan ginen kotxea hartu eta Santander aldera, leihoetan koltxoiak jarrita». Han, errefuxiatu guztiek zineetan egiten zuten lo. Sarrerakoan txokolate eta ogi pusketa bat ematen zieten eta ondoren gazta eta ogi pusketa bat: «eguna de pendoleo pasatzen genuen, jolasean, barrez. Mutil kozkorrak ginen, zer egin behar genuen? Aitak, ordea, gauzak bide onetik ez zihoazela ikusi zuen eta azkar esan zidan: hi behintzat bizirik aterako haiz, eta Norvegiara bidaliko haut. Nik ez nuen iritzirik, ez nuen ezertxo ere esaten».

Gijonera joan eta hango portuan bi ilara zeuden, bi barku ikazkinetan sartzeko. Hantxe, beste mutil-kozkor bat ezagutu zuen, Parisera joateko ilaran zegoena. Trukea egin zuten.

Bilbotik Gijonera, Gijonetik Bordelera
Gijonera joan eta hango portuan bi ilara zeuden, bi barku ikazkinetan sartzeko. Hantxe beste mutil-kozkor bat ezagutu zuen, Parisera joateko ilaran zegoena. Ez bat eta ez bi, ¿Nos cambiamos? esan eta hala egin zuten trukea. Zerrenda eskuan zuten gizonek bere izena behin eta berriz errepikatzen zuten baina noski, bera ez zen inon agertzen. «Nola agertuko nintzen bada? Ez nengoen eta han!».
Bordelen hartu zuten lurra, eta barkutik zikin-zikin atera ziren, ikatz-gurdien barruan etorri ziren eta. Jaitsi eta jende asko zegoen han, beraien zain. Garbi-garbi eginda jarri zituzten eta trenera igo. Trenean txokolatea eta mahatsa ekartzen zieten: «mahatsa, hori mahats pila! Nik kontua ateratzen dut iraila izango zela, hainbeste mahats ekartzeko». Parisera iritsi eta bertan senar-emazte batzuk zeuden, ume hauen kargu egiteko prest zeudenak. Hortxe joan ziren banan-banan bertan zeuden guztiak familia berriekin, hizkuntza berriarekin, bizitza berriarekin.

«Madame eta Monsieur Bayuette izan ziren Parisen etxean hartu nindutenak»

Paris: Bayuette senar-emazteak
«Madame eta Monsieur Bayuette izan ziren Parisen etxean hartu nindutenak. Hara iritsi eta lehenengo arropa erostera joan ginen, Galléries Lafayette, hango galeria haundira. Handik behar nuen guztiarekin atera nintzen, eta zuzenean Eiffel dorrea ikustera, horixe zen eta derrigorrezkoa!», dio Ricardok barrez. Maitasunez gogoratzen ditu han pasatako bi urteak. Eskolan ere hasi beharra zegoen eta hasieran hizketan ikasten hasi-berri ziren umeen gelan jarri zuten, baina kurtso bukaerarako harrapatu zituen bere adinekoak: «eskolan ondo, oso ondo. Gustatzen zi­tzaidan eta ongi pasatzen nuen. Azkar ikasi nuen fran­tsesa». Madame eta Monsieur Bayuettek bazuten Ricardoren adineko iloba bat, eta harekin denbora pila bat pasatzen zuen jolasean, aurrera eta atzera: «ia egunero egoten ginen elkarrekin, eta karna­bale­tan ere mozorrotzen gi­nen. Ederki, oso ederki. Juer­ga ederra genuen». Parisen, ordea, ezin betiko gelditu. Han ere II. Mundu Gerra hasi zen usaintzen. Espainian gerra bukatzear zegoela eta etxera bueltatu beharra zuten.

Parisetik Hondarribiara
Frantzian egondako gerrako ume guztiak Hondarribiako etxe batean sartu zituzten. Bertako arduradunak familiei gutunak bidali eta pixkanaka-pixkanaka familia bakoitza bere haurraren bila etorri zen. Ricardoren bila, ordea, ez zen inor etortzen: «nola etorriko ziren bada, aitak Norvegian nengoela uste bazuen? Ardu­ra­dunak galdetu zidan ea Donostiara joanda gai izango nintzen izebaren etxea topa­tzeko. Noski izango nintzela, nola ez ba? Hala, Honda­rri­biatik Donostiarako autobusa hartu eta San Bartolome kalera iritsi bezain pronto topatu nuen 27. ataria, eta hantxe igo nituen 3 solairuak».

Ricardoren bila ez zen inor etorri: «Nola etorriko ziren bada, aitak Norvegian nengoela uste bazuen?»

Izebak ireki zion atea eta a zer poza! Ricardok aita non ze­go­en galdetu eta izebak lanean ze­goela esan zion, 18:00etan joango zirela. Baina tailerrera iri­tsi eta haren arrastorik ez. «Ba­dakizu nola izaten diren horrelako gauzak, ezin esanak, eta erdizka ahoskatzen diren hitzak. Bada, horri ere aurre egin eta bi­zi­tzen segitu beharra dago!». Anai-arrebak Frantzian omen zeuden: «atera kontuak! Ni Fran­tziatik bueltan eta haiek Fran­tziara! Hala izaten dira gauzak, espero ez dituzun bezalakoak».

Donostia, Amezketa eta Villabona
Etxez etxe ibiltzeko urteak izan zituen ondorengoak. Donos­tian, izebaren etxean, Amezke­ta­ko familiaren baserrian eta Villabonan, bere aita jaunaren eta ama bitxiaren etxean bizitu zen. Donostian aprendiz hasi zen igeltsari­tzan. Bera tarteko eginak dira Iztueta zubia eta San Antonio klinika. Donos­tia­ko izebak, ordea, aho asko xa­mar zituen jaten emateko eta Ricardo ohartu zen ezin zuela bertan bizi. Amezketara joan zen, baserrira. Han bizi zela bera aita jaunak Villabonara eraman zuen, eskolara joan zedin. Baina han ere gosea pasatzen zuen eta gustuz har­tzen zuen baserriko janaria aste­burutan. Hamasei bat urterekin, Donostiako izebaren aginduz, bere etxera itzuli zen eta Garaje Internacional izeneko auto tailerrean mekanika ikasten hasi zen. 18 urterekin soldaduskara abiatu eta han ikasi zuen txofer. Etxera itzuli eta Areizaga autobusetan hasi zen lanean. Horixe izan da ondorengo urteetan bizia irabazteko izan duen ofizioa, Loiolan zegoen Gar­men­dia autoeskolako irakasle lanarekin batera.

Soldaduskatik itzuli eta Areizaga autobusetan hasi zen lanean.

Astigarragatik mundura, eta mundutik beti etxera
Ignacia Areizabalo astigartarrarekin ezkondu zen Ricardo: «emakume ederra, polita, oso! Zazpi seme-alaba izan ditugu elkarrekin», dio maitasun irri­barrez, hainbeste urtez bere bizikide izan den emakumearen argazkia harro erakutsiz. Txofer lanetan ia Euro­pa dena ezagutu ahal izan du Ricardok. Ordena­gailuak erabiltzeko ere ikastaro bat edo beste eginak ditu. Orain, 88 urte bete berritan bizi-bizirik dago, hitzetan eta irribarrean nabaritzen zaio bizitzaz gozatu duela, eta horretan segitzen duela. Maitasunez oroitzen ditu Bayuette senar-emazteek urte hauetan denetan egin dizkioten bixitak, eta baita berak Parisera egin dituen bidaiak. Maitasunez konta­tzen ditu Jaime-Altuna familiaren joan etorriak. Gerra aspaldi bukatu bazen ere, urte zail baina alai haiek bizitako mutil-kozkorraren barre algaren oihartzuna atzeman liteke oraindik Ricardoren begietan, Ricardoren hitzetan, Ricardo­ren bizitzan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!