Bilduren Partehartze, Informazio eta Gardentasun arautegiaz

Erabiltzailearen aurpegia Jesusmari Santos Anabitarte 2015ko mar. 21a, 01:00

Bilduren udal gobernuak Herritarren Partehartze, Informazio eta Gardentasun arautegia onartuko du. Besteak beste, herri kontsultak bideratzeko prozedura ezarri nahi du, Astigarragan erroldatutako 16 urtetik gorako guztiekin Herriko Parte­hartze Errolda osatuz. Bitxia oso Bilduk arautegia legealdiaren amaieran onartu nahi izatea, lau urte hauetan ezer gutxi egin duenean partehar­tzeari, informazioari eta gardentasunari dagokionez.
Esaterako, 2012ko abenduan, Astigarraga Garbia plataformakook, herrian bai ala bai atez atekoa jarriko zitzaigula ikusirik, sinadura bilketa bideratu genuen, Bilduren gobernuari eskatzeko, 2011ko hauteskunde kanpainan eurek hitzemanda zeukatenaren ildotik, Astigarragan kontsulta loteslea deitu zezala. Eskaera udaletxean erroldatu zen 2013ko urtarrilean 1676 astigartarren sinaduren babesa erakusten zuen notaritza agiriaz. Hala ere herritar asko eskaera sinatu gabe gelditu zenez, bilketarekin ja­rraitzeko eskatu zitzaigun eta otsaila bitartean beste 400 jaso genituen. Guztira, beraz, 2000tik gora astigartarrek eskatu zioten Bilduren gobernuari herritarrei entzun eta kontsulta loteslea deitu zezala. Ez gintuzten aintzat hartu eta 2013ko apirilean atez ateko hondakin jasotze sistema edukitzera eta Garbi­taniako kide izatera behartu gintuzten.
Arautegiarekin Bilduk herri-kontsultak baimendu nahi ditu, batetik udal osoko bilkuraren gehiengoaren babesarekin (egun Bilduk dauka) edo partehartze erroldaren %30ak edo gehiagok hala eskatuta.  Bada, 2012ko abenduan Astigarragako errolda 4.999 herritarrek osa­tzen genuen eta 1.500 dira horien %30. Astigarraga Garbiak eskatzen dena baino babes handiagoa lortu zuen. 2000tik gora sinadura, eta soilik 18 urtetik gorakoenak.
EAJ-PNVren alkategai naizen aldetik, proposatu nahi dudana da arautegiaren onarpena 2015eko ekainera atzeratu dadila. Nere iritzian, Bilduren gobernu honek ez dauka sinesgarritasunik hauteskundeak baino bi hilabete lehenago arautegia onartzeko.
 
Jesusmari Santos Anabitarte
Astigarragako EAJ-PNVren alkategaia 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!