Uholdeak, Landaren eta Zubipen
Harrituta irakurri dut Bilduren Gobernu Taldeak Juan Ramon Leiza jaunari emandako erantzuna, Zubipek eta Landarek jasaten dituzten uholdeen inguruan. Bizilagun honek konponbideak eskatzen ditu, eta Bilduko ordezkariek ez dute baloiak kanpora bota besterik egiten.
Udalaren erantzuna irakurri ondoren, nere buruari galdetzen diot zein izan ote zen arrazoia Zubipeko futbol zelaia uholde arriskuko zonalde batean eraikitzeko. Baina horrek ezer konponduko ez duenez, gatozen positibora.
Juan Ramon Leiza jaunari gogorarazi nahi nioke, eta hernaniar guztiei, EAJ-PNVtik bi proposamen egin ditugula errugbi eta futbol zelaiak urak hartzea saihesteko edo gutxitzeko. Aurrenekoa, erreka garbitu eta dragatzea, modu honetan bere ibilgua haunditu, eta, ondorioz, zailagoa izan dadin erreka iristea errugbi eta futbol zelaietara, Karabeleko auzora eta Portura. Bigarrena, zelaiak tokiz aldatzea, adibidez, harrobira. Zergatik ez da planteatu ez bata eta ez bestea? Bilduk dio ikerketa bat egin duela zelaiak tokiz mugitzearen kostuaren inguruan, baina oposizioak ez dauka dokumentu hori. Hori al da partehartzea?
Iruditzen zait Bilduren Gobernu Taldeak aitzakia moduan erabiltzen duela kokapen berriaren kostu altuaren argumentua, eta ez dela erabili behar bere interes falta hauteskunde hauetarako jaurtitzeko arma gisa. Hau da, EAJ-PNVtik ezin dugula beraien pasotismoa kritikatu. Baina Bilduk, hauteskunde urte honetan, 1.200.000 euro gastatuko ditu igerileku estaliaren edukiera haunditzen. Presa haundiagoa al zuen igerilekua haunditzeak, Landare eta Zubipeko uholdeen gaitza konpontzeak baino? Obratxo hau egin daiteke hauteskunde urte batean?
Partehartze prozesuetan arazo batzuk gainazalera ateratzen ez badira, eta hauek tekniko edota politikoek atzematen badituzte, EAJ-PNVtik uste dugu gure eginbeharra dela horiek konpontzea, kargu publikoak garen aldetik. Landare eta Zubiperako badaude konponbideak, interesa eduki eta landu besterik ez da egin behar, aurrena Udalak, eta gero, beste erakundeek.
Gero eta gutxiago gelditzen da denon artean Hernaniko kaosa eta desgobernua konpondu ahal izateko.
Andoni Amonarraiz Gomez EAJko bozeramailea