Uholdeak. Azken bost urteetako (2001-2015) hemerotekari so eginez Hernanin uholdeak urtero izan ditugu. Nahiz eta uholdeek herriko sektore desberdinetan eragiten duten, aldiro kaltetzen direnak kirol zelaiak dira (Zubipe eta Landare-toki). Meteorologian adituak egiten duten aurreikuspenaren arabera panorama ez da hobea izango aurrerantzean eta azken asteko egoerak maiz errepikatuko dira datozen negu eta udazkenetan. Bestalde, norbaitek zalantza bazuen, azkenaldian egindako lanek (Karabeleko zubi berria adibidez) ez dira izan konponbidea uholdeak saihesteko; hau da, urak bere bidea ibaiaren erriberan egingo du handitzen denean eta erriberan ditugun kirol zelaiek pairatzen jarraituko dute. Zein da egoera guzti hauen ondorioa?
Kirol zelaiak erabilgaitzak gelditzen dira hilabete bat edo bitan eta zelai horietan egiten diren kirol jarduerak (futbol eta errugbi taldeak, futbol eta errugbi eskolak eta eskola kirolari dagozkion jardunaldiak) bertan behera gelditzen dira. Zelai horietan Hernaniko gazte kopuru esanguratsu batek aisia eta kirola egiten du eta zelaiak erabilgarriak ez daudenean ezin dute kirolik egin edo, okerragoa dena, taldeen zuzendaritzak eta gurasoak buru hauste handiak dituzte zelai horiek ordezkatuko dituzten zelaiak aurkitzen eta horietara umeak eta gazteak eramaten, hurrenez hurren. Ondorioa kirol mailaren eta aisiaren kalitatearen degradazio nabarmena. Gainera, urtetik urtera kirol zelaien egoera txartzen doa; adibide garbia Zubipeko belarraren egoera da; 2011ko uholde ondoren alkateak zioen “Zubipen belarra erabat aldatu beharko da”; oraindik belar berdina dago baina zelaiaren egoera negargarria da; ez du inolako xurgatze ahalmenik. Gainera, mutiko eta neskato askoren lesioak zelaiean dauden zulo edo zimurrak sortuak dira nahiz eta hauen kontaketa isilean pasatzen den. Antzeko zeozer esan daiteke Landare-tokirengatik nahiz eta belar naturala denez gutxiago nabarmentzen den, baina agerikoa da zelaian metatzen diren lurrak eta lokatzak urtetik urtera zelaiaren egoera ez dutela hobetzen. Guzti honeri zelaien garbiketen kostua gehitu behar zaio, urtero egin beharko duguna.
Hauteskundeak. Zer egin dezakegu? Nire ustez kirol zelaiak tokiz aldatu behar dira. Urumearen erribera uholde eremua izendatua dago eta horrela jarraituko du izaten. Kirola eta aisiaren kalitatea hobetu nahi badugu kirol zelai berri eta modernoak behar ditugu eta horretarako ezinbestekoa da kirol zelaientzat beste kokaleku bat topatzea. Azken asteko uholdearen prentsa oharrak jarraitu ondoren harriduraz konturatu naiz politikariek ez dutela egoera tamalgarri honentzat irtenbiderik proposatzen. Ezin diegu politikariei datorren urterako arazoa konpontzerik eskatu, baina bai gutxienez epe ertainerako proposamenak mahai gainean jartzea eta kirol taldeekin adostea (adibidez aukera desberdinen proiektuak eta finantzazioa lortzeko bide iturriak jorratzen eta lantzen hastea). Nahikoa da gure inguruko auzo herrietara joatea konturatzeko zein kirol zelai eta instalazio dituzten jabetzeko. Laster hauteskundeak ditugu eta espero dut gai hau kontuan hartuko dutela gure ordezkari izan nahi dutenak. Hernaniko gazteriak merezi du baldintza eta kalitate hobeagoko kirol zelaiak izatea eta horretarako politikarien arteko nahia eta adostasuna behar ditugu.