Hernanin urteak daramatzagu herri parekideago eta justuago baten alde lanean, bai udaletik baita herriko mugimendu feministatik ere. Azken urteetan aurrerapauso nabarmenak eman dira Hernanin tratu onen alde, eta baita emakumeen ahalduntzea eta kontzientzia feministari dagokionez ere. Eraso sexisten aurrean, erantzun sendoa eman izan du gure herriak, emakumeenganako eraso oro gaitzetsiz.
Oraindik ere emakumeak bigarren mailako herritarrak izaten jarraitzen du. Emakume eta gizonen arteko ezberdintasun sozialak handiak dira. Egoera hau, are eta nabariagoa da krisi garaiotan, non sexuaren araberako lan banaketaren ondorioz, enplegua eta lanaren arteko banaketa gero eta handiagoa den. Etxeko lanak eta zaintza lanak emakumeen ardura dira, errekonozimendu sozial eta ekonomikorik gabekoak.
Eredu patriarkalak forma berriak hartuz eta egoera berrietara egokituz, berdintasunaren ideia faltsua barneratzera eraman gaitu; emakumeen zapalkuntza gaindituta dagoela pentsatzeraino. Baina oraindik ere, gizonen neurrira egindako munduan bizi gara; non emakumeak ez duen subjektu aktiboaren kontsiderazioa.
Hau guztiagatik beharrezkoa dugu gure egunerokotasuna definitzen duten egitura eta harreman guztiak zalantzan jartzea. Erabateko eredu-aldaketa behar dugu, eraldaketa feminista. Gure erronka nagusia jendarte eredu berri bat eraikitzea da, botere harremanetatik at, pribilejio eta zapalkuntzarik gabea; non pertsona guztiak (emakumeak, jatorri anitzekoak, langileak, gazteak…) parekoak izango garen; lehen mailako herritarrak izango garen.
Hernani libre bat nahi dugu, pertsona libreen herri bat, zapalkuntzarik gabea. Eta horretarako beharrezkoa da feminismoa erdigunean kokatzea.
Martxoaren 8an, igandea, 13:00etan MARIJIRA Plaza Berritik!