Hernanin Zero Zabor taldeak oinezko mendi martxa antolatu du Hernanitik Zubietara, Errausketarik Ez! lelopean. Martxoaren 1ean, igandea, goizeko 10:00etan aterako gara Gudarien plazatik eta bi ordu inguru iraungo duen ibilaldia Zubietan hondakin planta antolatzeko hasitako obran bukatuko dugu. Hernaniar guztiak zaudete konbidaturik gurekin protesta ekintza txiki hau egitera. Ibilaldiaren leloa hau da: EAJ/PNV-PSOE-PP: Errausketarik Ez!.
Alderdi horietako buruzagiak behin eta berriro esaten ari zaizkigu haiek irabazten baldin badituzte hurrengo hauteskundeak Gipuzkoan Errauskailua egin egingo dutela. Hernanitik guk garbi erantzun nahi diegu: «Errausketarik Ez». Ez hemen eta ez beste inon.
Hondakinak erraustea txarra da, gure eta gure seme-alaben osasunarentzako, txarra planetarentzako, txarra munduko justiziarentzako… Eta txarra herritarron ekonomiarentzako. Ditxosozko “swapp” espekulatiboen eskandaluarekin jakin dugu nola aurreko legealdian agintariek herritarrok urte luzetarako zorpean sartu gintuztela multinazionalei Errauskailu handi bat oparitzeko. Milioi askoko oparia oligarkiarentzako, herritarrentzako beharrezko zerbitzu sozialei lapurtuta.
Zergatik tematzen da Gipuzkoako “kasta” Errauskailua egin nahian? EAJ/PNVko, PSOEko eta PPko politikariek zeren truke saldu nahi gaituzte herritarrok oligarkiari oparia egiteko? Zergatik tragatu arazi nahi digute Errauskailu zikin hori, demostratu denean badagoela soluzio askoz merkeagoa, garbiagoa eta lanpostu gehiago sortzen dituena?
Guk Hernanitik gure ahotsa altxatu nahi dugu «Nahikoa da!» esateko. Martxoaren 1ean zu ere konbidatuta zaude gurekin Zubietaraino ordu pare bateko ibilaldia egitera. Elkarrekin aldarrikatuko dugu: «Errausketarik Ez! Ez hemen eta ez beste inon».
Pello Zubiria Kamino
Hernanin Zero Zabor