"Nere Borda" Parke Botanikoan, bada putzu bat, aspaldidanik. Oraindik orain, arrain-gorriak ziren jaun eta jabe, ume eta haur jendearen gozagarri. Baina, azken aldi honetan, ez da arrain-gorririk putzu hartan, bakar bat izan ezik. Putzura hurbiltzen den txiki jendeak galdetzen du: «Non dira gure arrain-gorrik?».
Jubilatu bati entzuna diot: «Txotx garaian Hernanira etortzen dan ganberro jende horrek akabatuko zituan, seguruenik». Aldiz, ikastolako umeek: «Parkea zaintzen duenak (kaixo, Iradi), jango zituen, hamaiketakoan». Eta Iradik: «Koartza bat etorri izandu dek, egunetan, eta hark harrapatuko zizkian (nonbait), bere moko zorrotzarekin, banan-banan». Nori sinetsi? Kontua da, arrantzale furtiboak, «linpio» utzi duela putzua. Arrain-gorri bakar bat gelditu da putzuan, lagunik gabe, depresioak jota, eta beti ezkutuan, arrantzale misteriotsuaren zelatan. Ni koartza banintz, ez nintzateke Nere Bordara arrimatuko: zaintzailea ehiztari amorratua baita, eta ez dut uste bere ehiztari-senari eutsiko liokeenik, arrain-gorriaren mesederako.
Koartza, zuk baduzu
txit moko zorrotza,
arraitan egitea
ez duzu arrotza
Nere Bordara bazatoz
ohi bezala lirain,
arrain-gorria zainduz
ehiztaria duzu zain.
(doinua: Eperra)