Astearteko plenoan, bi gairekin, ikusi genuen Bilduren borondate gardena. Batetik, EAJ eta H1!ekoei kritika egin ziguten, prentsara bidaltzeagatik Dekretu bati buruzko hausnarketa, zeina dokumentu publiko bat den, non azaltzen den alkateak ez duela araudia bete zenbait kontrataziotan, eta eskatu ziguten Batzordeetan galdetzeko hori. Ez luke alkateak joan beharko Batzorde horietara, azaltzeko zer egiten duen modu legalean edo legez kanpo?
Bestetik, aditzera eman zuten aldaketa bat, Bilduk aurkeztu eta duela hilabete onartu ziren aurrekontuetan. Aurkeztu zirenetik onartu arte, Bilduk aldaketa bat egin zuen, eta orain beste bat onartzen du, 133.390 eurokoa, zenbait arlotan. Baina, sorpresa! 55.000 euro doaz Hondakinen Bilketa eta Tratamendurako (Garbitania) partidara. Gobernu Taldeak, Ogasun zinegotzia buru dela, ez zekien orain hilabete, partida hori 1.588.000 eurokoa zela? Edo uste zuen oharkabean pasako zela, aldaketa ezkutuan eginez eta gardentasun infinitua erakutsiz?
Dirua xahutzen jarraitzen dugu, hondakin bilketarako sistema garesti, zikin eta deseroso batekin, eta zeinagatik dirutza ordaintzen diogun Garbitaniari.
Nola edo hala eutsi behar diogu, hilabete gutxitan bukatuko baita hori, eta Hernani eta hernaniarrak biltzen gaituen kaosa.
Andoni Amonarraiz
EAJren bozeramailea