Hernanin Zero Zabor taldekook Iñaki Antiguedad geologo eta militante abertzale ezkertiar ezaguna konbidatu dugu hitzaldia ematera gai honetaz: “Trantsizioa”. Gure gizartea Krisi erraldoi batean sartuta dago. Bistakoena den arren 2008an hasitako krisi ekonomikoa, hau lotuta dago beste krisi oso larriekin: klimarena, ekologikoa, energiarena… Horien guztien ondorioz, munduko bazterrak astintzen ditu krisi sozial sakonak.
Krisi orokorraren aurrean bi aukera dauzkagu gizarte bezala. Lehen aukera, munduko aberatsenek bultzatzen dutena: gauzak nola gehiago okertzen diren begira geratu eta era guztietako ondorio eta kalteak nozitu, bakar batzuek babestuta bizi eta kalte handienak jende ahulenei sufritu araziz.
Beste irtenbidea justu alderantzizkoa da: egoera berrirako Trantsizio bat egiteko kapaz izan behar dugu, aldaketak ahalik eta arinenak suertatu daitezen denontzat eta ondorioak modu solidario eta justuan elkarren artean banatzeko. Bide horretan ari dira lanean mundu osoan militante eta talde asko, izen askoren pean: “Transition town” edo Trantsizioan diren udalerriak, Justizia Klimatikoaren aldeko mugimenduak, Lurraren aldekoak…
Hernanin ere jende eta talde asko ari gara arazo berdinei aurre egiten, nor bere lekutik, gu hondakinetan, besteak etorkinen integrazioan, kulturan, ekologian, alferrikako azpiegitura erraldoien kontra, elikadura burujabetzan, murrizketa eta injustizia ekonomikoen kontra, eta abar luzea. Denok gaude konbidatuta Iñaki Antiguedaden hitzaldira. Otsailaren 5ean, osteguna, ilunabarreko 19:00etan Biterin.