Goizuetan bada oraindik bizirik mantentzen den artisau ofizio bat, besteak beste: joaregilearena. Belako baserriko Jexux Mari Apezetxeak eusten dio herentziz jasotako zeregin horri. Bixente Apezetxea, Jexux Mariren aitona hasi zen Danbolinborda baserrian eta ondoren, Joxe Antonio eta Juanito, aita eta osabak jarraitu zuten. Eta oraindik ere Joxe Antoniok jarraitzen du tailerrean laguntzen, Kronikak ikusi duenez. «Ondorengoak, berriz, ez dakit jarraituko duen…», dio Jexux Marik semeagatik. Txikitatik jarraitu zituen aita eta osabaren pausoak Jexux Marik eta ofizioa ederki ikasia dauka: «33 urte daramatzat joareak egiten. 12 urterekin egin nuen lehenengoa. Lagun bati eman nion. Txakurrari paratu zion eta segituan galdu zuen. Izan ere, soldeatu gabe eman nion», gogoratzen du.
«Plantillak eginda edukiz gero, azkar egiten dira. Plantillak egiteko denbora asko behar izaten da»
Plantillak egitea, zailena
Joareak nola egiten diren ere azaldu dio Kronikari: Metala, txapa erabiltzen da joarea egiteko. Plantillak dauzka eta egin nahi den joarearen arabera, txapa mozten da, plantilla horiek oinarri hartuta. Behin plantilla eskutan, forma ematen zaio mailuarekin. Eta ondoren, juntak bi puntutan punteatzen dira sopletearekin. «Behar izanez gero, burruntzaliak eta eltzeak ere arreglatzen ditut», azaldu du Jexux Marik makinaren efikaziari erreferentzia eginez.
Gero, juntak arreglatu edo txukuntzen dira berriz mailuarekin. Eta mingaina zintzilikatzekoa, gantxoa, eta joarea zintzilikatzekoa edo heldulekua ere paratzen zaizkio.
Eta azkar egiten ditu, alajaina! «Plantillak eginda edukiz gero, azkar egiten dira. Plantillak egitea da zailena; denbora asko behar izaten da», azaldu du.
«Ongi soldeatuta egon behar du joareak soinua ateratzeko»
Latoi birutak, ongi soldeatzeko
Joarea ongi soldeatzea garrantzitsua da eta horretarako, latoi birutak botatzen zaizkio eta paperean biltzen da, «bokadillo bat bezala». «Joare neurri bakoitzak, latoi kopuru jakina behar izaten du; pisu jakin bat botatzen zaio. Probak eginez zehaztu ditut neurri horiek», azaldu du Jexux Marik. Eta gero, buztinetan biltzen da. Lehortzen utzi, eta behin lehortuta, labean sartzen dira. «Horrela soldeatzen dira ongi. Ongi soldeatuta egon behar du joareak soinua ateratzeko», nabarmendu du.
Labetik, berriz, danborrera pasatzen dira eta handik ateratakoan pulitu egin behar izaten dira. «Urarekin garbitu eta brilloa atera. Gero soinua paratzen zaio eta hari, mingaina erantsi. Eta suertea bada, enpaketatu eginen ditugu!», dio Goizuetako joaregileak. Mingaina, PVC edo poliesterrezkoa izaten da.
Lan egiteko modua asko aldatu dela ere azaldu du: «Txuritik beltzera pasatzea bezala izan da, ez dauka deus ikusteko. Aitona orain sartuko balitz, harrituta geldituko litzateke. Lehen ez zuten makinarik. Dena eskuz egiten zen eta joareak erretzeko parrila bat eta ikatza erabiltzen zuten. Makinekin egon da krixton aldea eta baita labearekin ere».
«Denboraldiak izaten dira. Orain kalaska asko saltzen da eta lehen, borobila gehiago»
Aukera zabala
Almazenean dauzkan joareak erakutsi dizkio Kronikari; mota guztietakoak. «Kalaska edo koadroak behientzat erabiltzen dira, batez ere. Zaldi edo behorrentzat ere bai. Tubo estuak berriz, zaldi edo behorrentzat. Dunba eta borobila, ardientzat izaten dira», dio. Tamainei dagokienez, 1-29 zenbaki arteakoak egiten ditu Jexux Marik. Txikienak 7 cm inguru ditu eta haundienak 35 cm inguru. «Hemen inguruan ez dira oso haundiak ibiltzen. Ardientzat, adibidez, 10 tamainakoa ibiltzen da hemen. Azienda haundiagoa dutenek, haundiagoak ibiltzen dituzte. Artzainaren arabera ere izaten da», gaineratu du.
Denek soinu diferentea egiten omen dute, tamainaren arabera. Tamaina berekoek, berriz, oso oso antzeko soinua egiten dute. Eta funtzioaren arabera, bi soinu mota daudela azaldu du: motelak (soinu arrak) eta finak (soinu emeak).
Eta joareei begira gaudela, bada atentzioa deitzen duen gauza bat: bihotzaren irudia marraztua daukaten joareak ere badauzka Jexux Marik. «Batek halaxe eskatu zidan eta bestela ez zituela erosiko. Lan dexente hartu nuen, baina uste baino askoz gehiago erosi zizkidan, eta ongi atera zen. Izena paratu nahi izaten dutenik ere bada», azaldu du.
Ze mota saltzen den gehien galdetuta, halaxe dio: «Denboraldiak izaten dira. Urte batean klase batekoak asko saltzen dira eta hurrengo urtean klase horiek egiten dituzu, eta bestelakoak eskatzen dituzte. Ez duzu sekula asmatzen. Orain kalaska asko saltzen da eta lehen, borobila gehiago. Dunba da gutxien saltzen dena».
Erosleak aldatu
Lehengo bezeroetatik oraingoetara aldea badagoela azaldu du Jexux Marik: «Lehen artzainek eta, beren denbora hartzen zuten gustoko joarea bereixteko. 2-3 ordu lasai egoten ziren: 20 bat bereixi eta gero horien artean aukeratu... Oraindik artzain batzuk etortzen dira eta halaxe jarraitzen dute, baina normalean, gaur egun, jendeak segituan aukeratzen ditu; ez dio hainbeste erreparatzen. Nik alkandora bat erosi behar dudanean bezala!», dio umorean.
Krisiarekin asko jaitsi dela salmenta azaldu du: «Orain, joare berriak ez dira hain erraz erosten. Zaharrekin gehiago tiratzen da. Azienda ere asko jaitsi da. Normala, larrua, esaterako, orain ez da deus saltzen. Arkumea ere prezio berean dago azken urteetan, eta pentsua berriz, izugarri igo dute. Dena kontra da». Hala ere, lehengo urtea poliki joan zela eta aurten ere hala segitzea espero du.
Orain hasiko da mugitzen salmenta. Azaroa, abendua eta urtarrila izaten dira bajuenak.
Euskal Herritik kanpo ditu bezero gehienak: Pirineo inguruetan, mugen bi aldeetan, Frantzian, Madrilen, Bartzelonan, Hueskan… Lehen Santanderren ere bai. Hemen inguruan oso gutxi saltzen du, asko galdu delako azienda.
Jexux Marik ez dizkie joareak ganaduzaleei bakarrik saltzen. Ferianteek ere erosten dizkiote eta pentsu almazenetan, aziendentzako medizina saltzen den dendetan, souvenir dendetan… ere saltzen du.
Grezia eta Ameriketaraino
Greziaraino ere iritsiak dira Jexux Mariren joareak. «Lagun baten bidez izan zen. Hark lagun bat zuen Bilbon eta hark Italian eta handik Greziara iritsi zen nire berri. Muestrarioa bidali nion, 5-6 joarerekin, eta eskaera egin zidan. Txakurrentzat nahi zituen. Bezero ona zen gainera. Faxez egin genuen dena eta lixto, batere arazorik gabe. Lehengo urtean ere eskatu zizkidan batzuk», azaldu du.
Herri txiki, infernu handi ETB 1eko saioan, Goizuetari buruzko saioa eman zen urtarrilaren 4an. Bertan, Jexux Mari atera zen istorio hau kontatuz eta ingelesez jakin gabe ere ederki moldatzen zela azaldu zuen. Eta Kronikari ere halaxe azaldu dio: «Egia esan, azalpen askorik ez dago eman beharrik. Nolakoak diren ikusten du eta numeroak paratzea nahikoa da: hemendik hainbeste eta hemendik hainbeste. Hala ere, hemen bada Eva izeneko irakaslea, ingelesekoa, eta haren bidez ere hitz egin izan dut».
Eta Greziara bakarrik ez, Ameriketara ere iritsi dira Goizuetako joareak. Dionisio Txoperena artzai goizuetarra zenak, telefono mugikorren iragarki kanpaina batekin ezagun egin zenak, hark asko eskatzen omen zizkion. Eta baita bere anaiak ere. «Pariseko aireportuan galduak ere izanak omen dira nire joareak», azaldu du.
Hainbat feriatan, joareak egiten
Feria batzuetan ere ibili da Jexux Mari joareak egin eta saltzen: Goizuetan, Hernanin eta Biescasen, hain zuzen. Baina ez da feriantea. Hala ere, ikusteko dago. Lehengo igandean, Mungiako feriara joatekoa zen eta pentsatuko zuela aitortu zion Kronikari: «Gustatzen bazait, agian hemendik aurrera feriatan ere ibiliko naiz. Egoera dagoen bezala, gauza berriak ere probatu behar dira».
Aukera zabala eramateaz gain, bertan egiten ditu joareak. Horrek jendea erakartzen duela dio: «Jendeak aukera nahi izaten du joareak bereixteko eta bertan egiteak ere beste puntu bat ematen dio».
Saioak ere eskaini izan ditu joareak nola egiten diren ikusteko: «Umeak etorri izan dira, Zubimuxu aterpetik ere bai, jubilatuak… Egia esan, oroitzen naiz jubilatu talde batekin nahiko lan izan nuela. Umeak baino okerrago. Mailuarekin ari nintzenean, kontuz ibiltzeko, eta distantzia uzteko esan, eta alperrik!».
Eta erronka bat ere baduela aitortu du: «Noizbait metro bateko joarea egin nahiko nuke. Hori sartu zait buruan eta hobe izanen da lehenbailehen egitea, urteak aurrera baitoaz».