Denbora bat pasatzen utzi nahi izan dut eskerrak emateko lerro hauek idatzi aurretik, astebete pasa den honetan Iñaki Peña zuzendariaren Aulki Hutsak dokumentala proiektatu zenetik.
Neretzako emozioz betetako ekitaldia izan zen, sentimenduz betea, eta konbentzituta nago nere hondar alea jartzen saiatzeko balio izan zuela, nere herrian, Hernanin, doluaren prozesua humanizatzeko.
Badakit neretzako, nere buruan, nere pentsamenduetan eta proiekziora etorritako jende askorenarenean, Iraitzi egindako omenaldi txiki bat izan zela; 11 urteko bizitza laburra konpartitzeko aukera eman zidan semea, urte laburrak, baina biziak eta zoriontsuak izandakoak.
Eta izandakoak esaten dudanean, ez dut esan nahi orain izaten segitzen ez dutenik. Nere egunerokoan jarraitzen du, eta baita beste pertsona askorenean ere. Nola ahaztu hainbeste irakatsi zigun Maisu haundi hori!
Lehenik eta behin, nere bikote Begari eskertu nahi diot hasieratik emandako babesa, esan nionetik proiektatu egin nahi nuela dokumentala, lehen aldiz Donostiako Okendo kultur etxean ikusi genuena 2014ko urrian. Eskerrik asko babesteagatik, eskerrik asko proiekzioaren ondoren denokin partekatu zenuen ekarpen sentimental horrengatik.
Eskerrik asko baita ere gure familiari eta lagunei (ez dut izenik aipatu nahi, ez baitut inor ahaztu nahi, baina badakit denek dakizuela zeinengatik ari naizen). Eskerrik asko hor egoteagatik, beste behin babesteagatik. Asko izan dira aukerak, eta beti egon zarete gure ondoan, nahiz eta zuentzako ere ez den erraza izan, eta ez da erraza bizitzea partekatzea tokatu zaizkigun momentu zail hauek.
Eskerrik asko Hernaniko udaletxeari, Hernaniko Ongintza Patronatuari, Biteri kultur etxeari, Langile ikastolari, Dobera Euskara Elkarteari, Urumeako Kronikari, Koxka elkarteari... kolektibo eta erakunde horietako parte zareten pertsonei; zuen ekarpen pertsonalarekin babesa eman diguzue, eta animatu gaituzue ekimen honekin aurrera egiteko.
Eta eskerrik asko, nola ez, BIDEGIN Elkarteari eta bertako fundatzaileari eta gure dolu prozesuan psikoterapeuta izan dugunari, Izaskun Andonegiri, emozioz betetako egun berezi eta konplikatu honetan laguntzeagatik. Zure laguntza, babesa, ezinbestekoa izan da eta da oraindik ere. Hau guretzako erronka bat gehiago da, aurrerapauso berri bat, eta zure lanaren onarpen bat, pertsonengan bere fruitua ematen duena eta aurrera begira jarraitzen laguntzen diguna, gure senide maiteak ahaztu gabe.
Bukatzeko, iritzi artikulu hau irakur dezaketen guztiei agur esan nahi diet, Zine Foruma bukatzean egin nuen bezala, neretzako balio berezi bat baitu: Gai gara irribarre batekin laztan bat egiteko, begirada batekin musu emateko eta hitz batekin besarkatzeko.
Mila esker denori.