Berriak Merkatari eta Ostalarien elkartearen eskariz, Udalak urtero luzatu egiten du Kaxkoko taberna eta kafetegiak ixteko gaueko ordutegia. Berriakek eta gure zinegotziek aspalditik dakite neurri berezi horiek ihes egingo dien egoera sortzen dutela Andrekale 3 eta 14 artean. Urtero, desordena nagusitu egiten da deskantsatzeko eskubidearen aurrean.
Eta galdetzen dugu: Kezkatzen al dira gure zinegotziak dibertsio eta atsedenaren arteko oreka faltaren aurrean? Edo ondo geratzeagatik bakarrik aipatzen da txotx irekierako diskurtsoan?
Beste zerbitzu batzuk indartzen dituen bezala, Udalak seguru bat kontratatu beharko al luke ekintza hauek sortzen dituzten kalteak direla eta? Ispiluak haustea, kotxeak markatzea, pertsianak edota eskaparateak puskatzea, herriko altzariak… Bizilagunek ekintza desatsegin, ez osasungarri eta batzuetan arriskutsu horiek guztiak jasaten jarraitu behar al dute Berriak eta gure zinegotzien permisibitatearen aurrean? Udaletik eta Berriaketik ze jarrera hartzeko gomendatzen digute urtero urtero beraien erabakien ondorioak jasaten ditugun bizilagunoi?
Moratoria, ardura, bidai orria. Epe bat jartzerik ba al dugu jarduera “berezi” hau mantendu nahi dutenak ere arduradun egin daitezen ordena mantentzeko, inguruko bizilagunoi eta Hernaniko zergadunoi kalterik eragin gabe? Gure arbasoen kultura zoragarri hau defendatzen dugu. Txotxa sagardotegietan nahi dugu, gaueko ganberrada eta zalapartatik aparte, beste herri batzuetan, asteburuei begira egin duten bezala: Beasain, Zumarraga, Zarautz eta Irunen, besteak beste. Kaxkoko gaueko zalapartarekin eta txotx faltsuarekin bukatzea erraza da. Horixe lortu duten herrietako konponbideak kopiatzea besterik ez dago. Ongi etorri txotx 2015, baina txotx faltsua baztertzen dugu, Andrekale 3 eta 14 artean egiten dena. Kaxkoa bizirik, gauean/kalean isilik.