Aranoko herri koxkorrean bada pilotaleku bat dotore bezain fina, mendiei begira eta bertan makina bat bilkura egindako plaza da. Aldameneko etxeak horrelakoxea du izena, Plaza, eta garai batean bere baserria zuena zen Plazakoborda. Arestian esandako frontoian bada plakatxo edo oroitarri bat non irakurtzen dugun esaldi edo leyenda hau:
Fronton de los Fueros de Navarra
Construido en 1893
Urte gogoangarria euskaldun guztiontzat, Gamazada herri ekimena sortu zen garaia. Eta zein toki hobea data hori oroitzeko, herriko plaza bat baino? Gure kasuan, enparantza bakarrean ipini zuten ikurra aranoar foruzaleek. Garai gogorrak ziren, gaur egun lan antzualdiaren gisan, orduan gure Lege Zaharren akabera. 1839an, lehenengo karlistadaren ondoren, Nafarroako lurraldeak erreinu maila galdu zuen, probintzia arrunt bilakatuz.
Gamazada, herria foruen defentsan
Horren harira, hamarkada batzuk beranduago (1893an), German Gamazo Ogasun ministroak presupuestoen lege berri bat aurkeztu zuen: Nafarroak galdu egin zituen kontribuzioei zegozkion eskubide guztiak, kontzertu ekonomikoarekin hain justu.
Orduan sortu zen Gamazada izeneko herri mugimendu foruzalea, 1893ko udaberritik hurrengo urteko otsailera iraun zuena. Lau probintzia euskaldunak altxatu ziren foruen alde, egundoko aierrirekin. Leku guztietatik azaltzen ziren bultzadak eta elkartze keinuak. Lau probintzietako euskaldunik ez zen lo zorroan geratu Nafarroan gertatzen ari zenarekin.
20.000 foruzale Iruñan bilduta
1893ko ekainaren 4an, bilera erraldoia izan zen Iruñan, 20.000 lagun foruzale bildu zituena. Garesen, Lopez de Zabalegui sarjentuak mendira jo zuen bere gudamutilekin, Viva los fueros lelopean gudaldia hasteko asmoz.
Euskal gizartea deserosotasun horretan zegoela, 1894ko otsailaren 14an, Nafarroako Diputazioak korporazio bat bidali zuen Madrilera, Gamazo ministroarekin aurrez aurre hitz egiteko asmoz, eta eskatzeko bertan behera utzi zezala zebilkien eskueskribua. Orduko nafar aldundiak tinko mantendu ziren beren hitzetan, ez zuten kontzertu berri hori inolaz ere onartuko.
Herri xehearen erresistentzia, eta aurreneko Aberri Eguna
Herri xehea erasoaren kontra zegoen, eta atea bortizki itxi zioten Gamazori muturrean, gero Nafarroara itzuliz. Euskal Herrian, jendeak jakin zuenean, pozak txoratzen atera ziren agintariak agurtzera. Horren adibide, Castejoneko tren geltokian Gernikako Arbola ozenki abestu zutela.
Iruñan ere handikiro ospatu zuten, jai erraldoia antolatuz. Aurreneko Aberri Eguna deitu zion Manuel Irujok, Lizarrako politikari famatuak. Diputazioko areto nagusian eta udaletxekoetan izan ziren harrerak eta hitzaldiak. Besteak beste, ongietorri bero horretan, Bizkaiatik bertaratu ziren Arana Goiri anaiak, eta bezperan, Gaztelu Plazako Iruña kafetegian, lehendabiziko ikurrinaren bozetoa marraztu zuten.
Aldundiak, bat eginda
Biharamunean, agerian eraman zuten ikurrina, esaldi esanguratsu honekin: Jaungoiko eta Lagizarrak, Bizkaitarrak agur eiten deutse naparrei. Beste bi Foru Aldundiek bat egin zuten ekimenarekin.
Horren ondorioz, Martinez Campos jeneralak gomendio latza eman zion boterean zegoen erreginari: «Nafarroa bakarrik balitz, armen indarra erabili ahalko genuke. Baina Vascongadak harekin elkartuko dira, eta altxamendu bat egin lezakete. Ez du merezi Gerra Zibil bat hastea, Nafarroan bildu daitekeen dirua baino askoz ere kostu haundiagokoa».
Azkenean, baztertuta geratu ziren Gamazo eta bere legea. Amaos Salvador izan zen haren ordezkoa, eta berehala hasi zen Kubako gudaldia.
Mugimenduaren oroimenez, plaza, frontoi eta kaleak
Mugimendu honek, berarekin ekarri zuen haren omenez izenpetzea plaza, frontoi eta kaleak, Lege Zaharrak oinarri hartuta, Euskal Herriko bazter guztietan. Aranoko Plaza da horietako bat. Gasteizen Foruen plaza, Donostian Foruen pasealekua, Bilbon Foruen Plaza, eta Iruñan Fueroen Monumentua, hiriaren erdi erdian, dira beste adibide batzuk.
Iruñako oroigarria esanahi haundikoa da. 1903an eraiki zuen Miguel Martinez de Ubago arkitekto nafarrak, denen ohoretan. Saihets batean hitz hauek gehitu zizkioten: Gu gaurko euskaldunak gure aitasoen illeskorren oroipenean, bildu gera emen gure legea gorde nei degula erakusteko.
Aranoko frontoikoa, frontisetik kontrakantxara
Aranoko frontoian, frontisaren erdi erdian zegoen oroigarria, garai batean. Frontoia berritu zutenean, ordea, tokiz aldatu zuten: kontrakantxan dago orain. Berrikuntza egin ondoren, frontoia inauguratu zenean, herri bazkaria egin zuten aranoarrek.
Hemendik aurrera, pilotalekuko letreroa irakurtzean, gogoratu orduko euskaldunek azken odol tantara arte defenditu zituztela beraien Lege Zaharrak edo Foruak, eta gu horien ondorengoak garela. Atzeak erakusten dik aurrea nola dantzatu.