Berriro ere, zoriontzera gatozkizue; izan ere, Gure Esku Dago taldeak, orain arte aurrera atera dituen ekimen orotan –Udaberriko Festa, Galarreta, Giza Katea, Zurriolako Mosaikoa eta Urte-Zaharrean, Zinkoenean, “Ametsen Kriseiluen” jaurtiketan– horietan guztietan ukan duzuen parte hartzea, herritar oro harrotzekoa izan baita!
Ez diozue, ez, nolanahiko erantzuna eman! Gure arteko baikorrenak espero zezakeena sobera gaindituz, geure buruari jarritako erronka guztietarik airoski atera baikara!
Zorionak Hernaniko herriari, jarrai dezagun era bertsuan eta aurrerantzean jorratuko ditugun ekimenetan –hurrena urtarrilaren 14an Biteriko aurkezpena– parte hartzera animatzen zaituztegu.
Erabakitzeko eskubidea lortzea dugu geure helburu nagusitzat eta ibilbide malkartsu bezain arantzadun izanen dela jakitun izan arren, erdietsiko dugulakoan gaude.
Gure Esku Dago herri mugimendua gero eta anitzago –aberatsago, beraz!– osa dezagun.
Amaitzeko, Kronikak eskaintzen digun abagunea probextuz, bihoakizue gure errekonozimendua zuen ametsak gurekin partekatzeagatik, eta besterik gabe, honatx gure emetsa:
Gure herri maite honi
ZORIONIK oparoena…
eta okerragorik ez
bertze herriei!!!