Bazen behin mutiko bat, Iraitz izena zuena. Beste neska-mutiko askori bezala, egun batez, ikastolan galdetu zioten: «zein izan da, zuretzat, Hernanin, ikusi duzun gauzarik aipagarriena?». Eta Iraitz mutikoak: «zakur bat. Bada zakur bat pertsona itsu bati, kalean zehar, ibiltzen laguntzen diona. Ba, huraxe». Hortik atera kontuak, zer-nolako sentsibilitatea zuen Iraitz mutikoak. Duela bi urte-edo, joan zitzaigun Iraitz mundu honetatik. Hark utzitako hutsunea, ez da erraz onartzen, ez eta betetzen ere; batez ere, gurasoentzat. Iraitzen gurasoek-eta antolatuta, Zine Forum saioa egingo da. Dokumentala: Aulki hutsak. Gaia: ‘dueloa’, alegia zer gertatzen zaigun, maite dugun norbait hiltzen zaigunean? Mundua mundu den arte, ez gara libratuko ataka beltz horretatik pasa gabe. Batzuek konparatzen dute negu gorriarekin. Negu gorrian zuhaitzak hostoak galtzen ditu, baina sustraiak sendotu. Gaiak ez al du merezi denon artean jorratzea? Hala bada, Zine Forum saioa ez da modu arlotea, halako gai sakon bat denon artean jorratzeko. Gatozen Zine Forum saiora.
Mutil koxkor eder bat
bazen herri hontan
kurpil aulki batean
zebilen kaletan
Maitagarria baitzen
bere lagunetan
negu gorriak dauka
gordeta itzaletan