Berriak elkarteko kideei gutun irekia

Erabiltzailearen aurpegia Jesus Arregi Apaolaza 2015ko urt. 4a, 01:00

Beharbada, hernaniar gutxik jakingo dute Berriak elkartea dela Txotx denboraldiko baimenak tramitatzen dituena. Uste dut ez dudala ezer berririk ezta ezegokirik esaten, diodanean Txotx denboraldia oso garai gogorra dela Kaxko­ko bizilagunentzat eta Hernanirentzat, gure kaleetan ematen diren gertakariak eta bizilagunen eskubideen urraketak direla eta, atsedenarena tartean.
Pentsatu nahi dut elkartea sortu zenutela elkarri laguntzeko, bezeroei zerbitzu hobea emateko eta herriaren irudia hobetzeko, denak ga­re­lako beharrezkoak bertan. Horrekin, helburua litzateke guk estimatzea eskaintzen zenigutena, eta zuen saltokietan erostea; eta oso positiboa iruditzen zait.
Dirua lortzeko helburua betetzeko, denak ez du balio, eta gure kaleetan bizi den Txotx denboraldia da denak balio du-Hernani barra librearena. Horren erantzuleak Berriakeko bazkideak zarete, Udalean gobernatzen dutenen laguntzarekin. Ez du balio ostrukak bezala burua hegal azpian sartu eta ezer ez dakizuela esateak, edo errua beste batena dela. Berriro diot, eskaera Berriakek egiten du. Ez bazaudete ados Txotx denboraldiaren eta bere ondorioen erantzukizuna zuen gain hartzearekin, egin bilera bat eta hartu beharrezko neurriak, urteroko gertakariak berriro ez emateko.
Ezin dut ulertu zuen jarrera: batetik, zuen saltokietan erostea nahi duzue, eta bestetik, Txotx denboraldia promozionatzen duzue, non bizilagunen eskubideak zapaltzen diren.
Ez duzue uste egoera honek hausnarketa serio bat behar duela, eskubideak errespetatzeko jarrera bat hartzeko?
Ez badut gaizki ulertu, Txotxeko azken bileran, alkateak garbi esan zuen ez dauzkatela nahikoa baliabide ekonomiko, herritarren eskubideak bermatzeko. Bada, autoritateek ezin dute baimendu zerbait, ezin badituzte herritarren eskubideak bermatu. Hori egitea, oso posible da delitua izatea.
Uste duzue agintarien zinismoa eta hipokresia, eta bizioek eta drogek gure kaleetan sortzen duten espektakulua, egokiena direla zuen seme-alaba, iloba, biloba... hezteko? Eta zer esan gainerakoei eragiten digunaz?
Hezkuntza ohiturak dira, eta horiek jasotzen ditugu ekintzak errepikatuz edo behin eta berriz esaerak en­tzunez, zer den ondo eta gaizki jokatzea. Zaila da norbaitek ohitura onak hartzea, gure kaleetan ematen den espektakuluarekin.
Ez duzue uste badela garaia, gure kaleetatik ohitura txar horiek ezabatzeko, gure herriaren hezkuntza, kultura eta osasuna pobre­tzen dutenak, etorkizunerako eragin larriak ekarriz?
 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!