Bilduren partehartze eta kontsultek ez daukate sinesgarritasunik
Udal Hauteskundeak iristeko bost hilabete besterik geratzen ez direnean, Bilduren azken burutazioaren berri izan dugu: partehartzea eta herri kontsultak bideratzeko ordenantza, Bilduren gobernuak eta herritarrok elkarrekin lantzea. Usoak aspaldi joan eta orain sarea zabaldu nahiean... Legealdi hasieratik argi eta garbi erakutsi eta frogatu digute zein den partehartzeari eta desberdin pentsatzen duenari dioten errespetua. Bildu ez da sinesgarria partehartze eta herri kontsultetaz hitz egiten duenean. Bi urte datoz Astigarraga Garbia plataformak sinadura bilketa egin zuenetik; bi urte udal gobernuari atez atekoa jarri aurretik herri kontsulta loteslea egin zezan eskatu zitzaionetik; bi urte Astigarragako atez atekoa jarri aurretik Bilduk herritarron iritzia kontuan har zezan, gehiengo absolutuaz baliatu ez zedin eskatuz, PNVk sinadura bilketa babestu zuenetik. 2000 sinadura jaso ziren. Hauteskundeetan Bilduk jaso zituen bozka kopuruaren bikoitza. 2011n Herrikoi elkarteak hauteskunde aurretik antolatutako ekitaldi publikoan, herriko alderdi politiko guztien ordezkariok parte hartu genuen hartan, Bilduk hitza eman zuen, hauteskundeak irabaziz gero, atez atekoa ezarri aurretik herri kontsulta egingo zuela. Eta Bilduk hauteskundeak irabazi zituen, baina hitza jan egin zuen. Gehiengo absolutuaren indarraz baliatu zen atez atekoa jartzeko. Alkateari bere hitza bete zezala eskatzen ziotenak baztertuak eta irainduak izan ziren. Eta orain ia bi urte pasa direnean, datozen hauteskundeetarako bost hilabete eskas geratzen direnean gogoratu dira partehartzeaz eta herri kontsultetaz? Bilduk gezurra esan du eta manipulazioaz baliatu da komeni zitzaiona lortzeko eta behin lortuta, gehiegikeriaren lotsa ezabatu nahi dute herritarrok bidelagun edukita? Argi dago tontotzat gauzkatela eta horrexegatik uste dutela adarra nahi adina jo diezaguketela. Jakin bezate ez dugula ez euren partehartzean ez herri kontsultetan sinesten. Gobernuan hiru urte eta erdi egon eta orain, proposamena ez da ez serioa eta ez da sinesgarria.
Zorione Etxezarraga Ortuondo Astigarragako Udaleko EAJ-PNVko bozeramailea