Prentsan argitaratu nuen Zer egin dugu hau merezi izateko? artikuluan agertzen zen informazio bat, zuzentzeko eskatu zidaten, Hernaniko udaletxeko gobernu taldearen izenean, San Emeterio eta Intxauspe jaunek, azaroaren 25eko Plenoa bukatu zela aprobetxatuta eta denok formal eserita gintuztela. Artikulu hartan esaten nuen Txillida pasealekuko bidegorria kenduko zela. Egia da, gaizki irakurri nituen planoak, eta erratu egin nintzen. Detaile haundiagoz begiratu ditudan honetan, ikusi dut paseo horrek; obrita hauen aurretik bi espaloi, bidegorri bat eta zentzu bateko errepide bat zituena; aurrerantzean izango dituela kotxeentzako bi norantzako errepide bat, bidegorri bat eta espaloi bat. Askoz ere seguruagoa udaran pistinetara gerturatzen diren gazteentzako. Urte batzuetan, sigla desberdinak izan dituen ezker abertzalearen trafiko kudeaketa kaxkarraren erruz, paseo hori bihurtuko da herrian bi norabide dituen kale bakanetako bat, ingurune isil eta peatonala izatetik. Niri ez zait zaila egiten nire akatsak publikoki onartzea, baina gustatuko litzaidake gauza bera egitea gure herria gobernatzen dutenek. Agian, kontua da dena egiten dutela ondo!
Bidegorriaren gaiaren inguruan badut zalantza bat, argitzea lortzen ez dudana: zergatik gastatu behar da diru publikoa espaloi bat puskatzeko eta bere lekuan bidegorri bat jartzeko, berdin-berdin konpondu bazitekeen autoentzako karrilean pintura pixka bat emanez, Izpizuan, Elkano eta abarren egin duten bezala?
Baita ere, esan nahi dut berretsia sentitzen naizela lehen aipatutako artikuluan ematen nuen informazioan. Ez Intxauspe jaunak eta ezta San Emeterio jaunak ere ez didate esan nahastu egin nintzenik edo gezurretan ibili nintzenik gainontzeko gaiak aipatu nituenean: trafiko aldaketa eta parte hartze prozesua, edo Bilduk Hernanirako egin duen proposamen berria, herri barruko garraioaren inguruan.
Nire akatsa zuzendu eta hernaniarrei barkamena eskatu nahi diet, eta era berean, artikulu hartan emandako gainerako informazioa berretsi nahi dut.
Azkenik, argi utzi nahi dut: gardena naiz, pentsatzen dudana eta ikusten dudana esaten dudalako; zintzoa naiz, akatsen bat egiten badut onartu egiten dudalako eta barkamena publikoki eskatzen dudalako; legala naiz, legea betetzen dudalako eta ez dudalako amarrurik egiten; pertsona etikoa naiz, pertsonak errespetatzen ditudalako; eta eraginkorra naiz, nere esku dauden baliabideak ahalik eta hobetoen erabiltzen saiatzen naizelako. Baieztatu nahi duenak, ez du aztertu besterik, egin ditutan lan eta aportazioak udal gobernuko parte izan naizen 4 urteetan eta oposizioan egon naizen 7 urte eta erdian.
Gardentasuna, zintzotasuna, legalitatea, etika eta eraginkortasuna 2015ean iritsiko dira.