Eguraldi onak eta garai honetarako arraroa den tenperaturak lagundu egiten dute Kardaberaz kaleko (orain Andre Kalea) 3 eta 14 arteko zarata haundiegia izaten.
Aurreko larunbat gauean, azaroaren 22an, benetako tortura jasan genuen Kardaberaz 2 eta inguruan bizi garenok. Gazteak (18 urtekoak?), asko Batxilerrean daudenak, edo gazteagoak, gehiegizko iskanbilan murgilduta. Lo egin nahi dugunak zuzenean erasotuz, eta asmo txarrez; edozein ordutan tinbreak joz; kotxeetako ispiluak puskatuz; eta inor ez haien jarrera gaitzesteko.
Betikoaz gain, edalontziak tabernetatik kanpora atereaz, eta aluzinogeno eta bestelako zikinkeriak espazio publikoan kontsumituz (legez kanpo dagoen arren).
Ba al daukagu soinu maparik, Hernanin asteburu gauetan gertatzen dena jasotzen duenik?
Zein jarrera hartzeko gomendatzen digute bizilagunoi udaletxetik?
Gure agintarien gehiegizko onarpena bizilagunon onarpen mugara iristen ari da; bizilagun batzuk nekatuta gaude, eta beldurra galtzen ari gara. Orain arte dibertsioaren eta atsedenaren arteko oreka ez dugu hautsi lo egin nahi dugunok.
Horrelako jarduerak babestu eta bultzatzen dituztenak gonbidatzen ditut gertatzen dena ezagutzera: ostalaritza establezimenduak ixteko ordua atzeratzen duten Eusko Jaurlaritza eta Udala; prentsa; horrelako jarduera gogaikarri, ez osasungarri, kaltegarri, eta seguru asko, arriskutsuak bultzatzen dituzten herri elkarteak; eta gertatzen dena bertatik bertara ezagutu nahi duen edonori nere etxea eskaintzen diot, asteburuetako gauetan sufritzen duguna elkarbanatzeko.
Denon artean oraindik garaiz gaude liskarra ekiditeko. Presazkoa da gure zinegotziek ibilbide bat zehaztea eta dibertsioaren eta atsedenaren arteko oreka berreskuratzeko konponbideak proposatzea.
Beste batzuen artean, Irungo San Juan auzoan eta Kale Nagusian, Beasainen, Zarautzen konpondu dute arazoa. Eta guk, zergatik ez?
Kaxko bizirik-Gabean Kalean Ixilik.