Eskutitza Bizenta Antonia Mogel-i 2014 urteko Euskararen Egunean.
Bizenta ezezagun hori,
1782an jaio zinen Azkoitian, baina destinuak Markinara eraman zintuen osaba Juan Antonio Mogel apaiz eta idazlearen etxera, neba eta biok aita galdu baitzenuten artean ume zinetela.
Osaba apaiz eta idazle zenuen, euskararekin erabat konprometitua gainera. Ez hori bakarrik, izan ere, Frantziako iraultza osteko urte haietan jazarpenetik ihesi zebiltzan iparraldeko apaizak etxean hartu baitzituen. Etxean jasotako apaiz gizon haietako batean oinarritu zuen hain zuzen ere bere lan bikain eta ederra den ‘Peru Abarka’, zeinbaitzuk gure literaturaren lehen nobelatzat (beste askok nobela saiakeratzat) daukatena.
Ez zenuen beraz nolanahiko osaba izan, ez horixe: Juan Antonio Mogel handia, zure adimen eta prestutasunaz berehala jabetu zena, literaturarekiko grinean hezi zintuena, latina erakutsi zizuna, zure idazle bidean lagundu eta babestu zintuena. Euskaraz ekoiztutako literaturan hazi zintuena. Jakinda sortu zinen XVIIIgarren mendearen amaierako urte haietan, neska eta emakumeen hezkuntza eta prestakuntza susmopean zeudela. Gizon ausarta, aparta zure osaba Juan Antonio Mogel.
Jakingo duzu euskaraz idatzi duen lehen emakumetzat zauzkagula XXIgarren mendeko gure Euskal Herri honetan. Dagoeneko 210 urte bete dira zure lehen lana idatzi eta argitaratu zenuenetik. ‘Ipuin Onac’ deitu zenion latinez idatzita zeuden Esoporen 50 alegiak euskaratuz osatu zenuen bildumari.
Arrakasta izan omen zuen gainera zure ‘Ipuin Onac’ liburuak, hainbat aldiz birrargitaratua izan zen eta. Idazle izateagatik esplikazio gehiegitxo eman behar izan zenuela irakurri dizugu, zeure lehen liburu hartan bertan garaiko Euskaldun Irakurleari zuzentzen zatzaizkionean zure burua zuritzen saiatzen baitzara, ikasia eta idazlea izateagatik, idazteko eta argitaratzeko grina eduki eta gogo hori gauzatzeagatik.
Gipuzkeraz idazten zenuen arren, bizkaitarra antzematen zaizu zure euskaran. Gaur egun, euskara batuan idazten dugu batez ere. Euskararen bilakaera handia izan da zure garaitik.
Euskararen Eguna ospatuko dugu gaur eta horrexegatik idatzi dizut gutuna. Aurten zuri eskerrak ematea otu zait. Mila esker zure euskararekiko begirunearengatik; euskaraz idazteko gogoarengatik; euskara bigarren mailako hizkuntza zen garai haietan, emakume izateak kulturaren ateak mugatuta zeuzkan garai hartan oztopo guztien gainetik euskaraz idaztea eta argitaratzea lortu zenuelako. Euskara etorkizunekoentzat erein zenuelako.
Zorione Etxezarraga eta Kala Beltza emakume abertzaleen gogoeta taldeko beste 8 kideak