Nola ari du: euri langarra, euria txikia, goian behean? Euskaraz dakitenak eta ulertzen dutenak %80 izanik, erabilera %39an omen dago. Zergatik alde hori?, galdera are garrantzizkoagoa: nola txikitu alde hori? Aurretik diotsuet, galderen artikulua da hau, ez erantzunena!
Zenbat dira Hernanin euskaraz erdaraz baino hobeto dakitenak?, zenbat euskaraz egiteko ohitura gehiago dutenak erdaraz baino?, zenbat dira Hernanin etxean, kalean eta lantokian, gehienetan, euskaraz egiten dutenak? %80ko kopuru itxura batera baikor hori zatikatzen hasi, eta benetako euskararen jakite eta erabilera datuak izango bagenitu, nik uste, hobeto ulertuko genukeela bien arteko aldea; eta halaber, erabileraren kopuru hori era berean zatikatuko bagenu, eta benetan erabilera-datuen argazki zinetakoa izango bagenu, egoera errealaz hobeto jabetuko ginateke.
%39ko erabilera horretan, zenbatetan gertatzen da elkarrizketa euskaraz hasi, eta erdaraz bukatu hainbat arrazoi tarteko –adierazkortasun gehiago erdaraz, erraztasun gehiago...–?, zenbat etxepeko bilera egiten dira euskaraz Hernanin?, zenbat hitzaldi egoki jendaurrean?, maiz euskaraz hitz egiteko ohitura duten horietatik zenbatek daukate maiz euskaraz irakurtzeko ohitura?, esaterako, zenbatek irakurtzen dute Kronika, Berria edo Argia, edo hirurak?, zenbatek literatura edo saioa euskaraz?; eta, euskaraz idaztekoa, idatzi beharra dutenek?
Erdaraz jakinda, kasu askotan edo agian gehienetan gaztelaniaz euskaraz baino hobeto jakinda, zergatik egin behar dute hernaniarrek –edo nonahiko euskaldunek– euskaraz? Hernanin gaztelania hutsez bizitzeko ez dut uste eragozpen handirik dagoenik; euskaraz bizitzeko, aldiz, bai; zenbat eragozpen daude eta nolakoak? Frankismo garaian bezalatsu, euskaraz egiteko bi arrazoi bakarrak hauek izaten jarraitzen dute: euskaldunak garelako, eta abertzaleak sentitzen garelako?
Nik uste denok ados samar egongo garela esaten badut hizkuntza baten erabilera hura beharrezkoa izateak berma-tzen duela hobekien; alde horretatik, euskararen beharrezkotasunaren aldetik non gaude?, nola gabiltza?
Euskara ari du-ren lelopeko ekintzetan euskara eta jolasa, euskara eta astialdi ludikoa, euskara eta ondo pasatzea lotuko dira, eta oso ondo dago, euri langarretik euri erauntsira igaroz joan gaitezen, baina horretaz gain, goiko galdera horien inguruko hausnarketa eta bereziki euskaraz natural bizitzeko gaztelaniadunak gaztelaniaz bizi diren bezalatsu bizitzeko zertan jarri behar dugun fokua, bitartekoak eta baliabideak pentsatu beharrean gara; ez dugu aski ezagutzaren eta erabilera-datuen irakurketa hutsarekin... Gora Euskararen Eguna, eta langarretik erauntsira igaro gaitezela aste honetan, eta hurrengoan, eta hurrengoan...!