Astigarragako udalean oposizioan gauden Hamaikabat eta EAJ-PNVeko zinegotziok salatu egin nahi dugu Bilduren gobernuak agintzeko daukan modua, komeni ez zaizkion eta gustuko ez dituen gertaera eta erabaki guztiak isildu edo desitxuratzen dituelako. Hiru adibide emango ditugu:
1.- Idazkari lanposturako deialdi publikoa: legealdi honen hasieran udaleko idazkari lanposturako deialdi publikoa abian zegoen, oinarriak aurreko legealdian EAJ-PNV eta Hamaikabatek landuta eta onartuta geneuzkalako. Aldiz Bilduk, udal gobernura iritsi bezain laister, deialdia gelditu egin zuen eta oinarriak berraztertzeari ekin zion: lanpostuaren izen ofiziala aldatu zuten eta ulertezina dena, udaleko idazkari lanpostuari ezinbestean eta legez dagokion euskara eskakizuna ezabatu zioten. Egungo udaleko idazkari-kontuhartzaileak, noski aurkako txostena egin zion Bilduren proposamenari, Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak eginda zeuzkaten aurkako txostenekin bat eginez. Bilduren gobernuak hiru txostenei muzin egin zien eta gainera, udaleko idazkari-kontuhartzailea publikoki salatu zuen, udal langilea Bilduren gobernuaren lana oztopatzen ari zela aurpegiratuz. Are gehaigo, Bilduk inguruko udal bateko idazkari lagunari eskatu zion deialdi berriaren oinarriek behar zuten aldeko txostena egiteko. Baita hark egin ere, udal-espedientean jasota dago eta. Oposizioko taldeok burugabekeria salatu genuen eta prozesua geldituta dago orduz geroztik. Zergatik?
2.- Atez atekoa eta Garbitania: Bilduk gehiengo absolutua baliatuta jarri zigun atez atekoa. Kanpainan emandako hitza jan zuten, jendearen haserrea ikusi arren herriari galdetu gabe aurrera eginez. Baina ez gintuzten soilik atez atekoa egitera behartu. Garbitania izeneko elkarte publikoaren kide egin gintuzten, ezker abertzalekoa ez den beste inolako ordezkaritzarik onartzen ez duten elkarteko kide. Diru publikoz finantziatutakoa izan arren soilik ezker abertzaleak kontrolatzen duen elkarteko kide. Esaten diguten gauza bakarra da Astigarragan bikain birziklatzen gabiltzala eta saritzat herriko sarreran kartel ederra jarri digute. Kitto. Hortara mugatzen da ematen diguten informazioa.
3.- Mikel Zabalari udalaren izenean egin dioten ‘acción de regreso’ ekimena: Bilduri jokaldia gaizki atera zaio. Epaileak ez du Bilduren alde egin eta Bilduk ez zuen halakorik espero. Erabakia ezin onartuta dabiltza. Sententziari helegitea jarri diote baina ez dira horrekin lasai geratu eta udaletxea epaitegi politiko bilakatzen saiatu dira: justiziari dagokion gai honetaz oposizioari galdeketa egin nahi izan digute urriako osoko bilkuran. Komeni ez zaien prozedurei bizkar eman nahi dietelako. Bada, Hamaikabat eta EAJ-PNVrekin alferrikakoa izango zaie joko zikina baliatzea.
Hamaikabat eta EAJ-PNV guztiontzako Astigarragaren alde lanean gabiltza, inposaketa zein mendeku politikoa alde batera utzita. Horregatik, Astigarragaren hobe beharrez, Bilduren gobernuak agintea jauntxokeriz eta manipulazioz baliatzen dituen kasu guztiak behin eta berriz salatuko ditugu.