“Borondatezkoa ala derrigorrezkoa?”. Honetaz asko eztabaidatu da Gipuzkoan hondakinentzako alternatibak antolatu zirenetik. Zubietako errauskailua defenditzearren, demagogia handia egin dute batzuek birziklatzea boluntarioa izatearen inguruan. Orain San Marko mankomunitateko diru-kontuetan azaldu da gezurra.
Sortzen dugun errefusetan dago gakoa. Ikusi San Markok berak emandako datuok: 2013an Donostiak pertsonako eta urteko 292 kilo errefusa sortu ditu, Errenteriak 230, Lasarte-Oriak 221, Urnietak 208. Atez Atekoan ari diren herri guztiak ari dira 80 kiloen azpitik, Hernani 60 kilotan. Nola onartu dezakegu pertsonako 60 kilo errefusa sortzen duen herriak eta 292 sortzen duenak proportzio berean pagatzea mankomunitatearen gastuak?
San Markoko lehendakari Denis Itxaso Donostiako udalaren izenean dago kargu horretan. Berak eta beste politikari batzuek aldarrikatzen dute birziklatzeak borondatezkoa izan behar duela. Baina gero ondorioak nozitzeko obligazioa inposatzen digute denoi. 60 kilo errefusa sortzen dugunok obligatzen gaituzte 292 sortzen dutenen kalteak ordaintzera. Hori bai inposaketa.
Zubietan egin beharreko TMBa eta hortik bizi gabeturik aterako diren geldotuentzako biltegiaren gastu handiak errefusak sortzen ditu. Denei berdin pagatu araziz, ondo egiten dutenak zigortu eta gaizki ari direnak saritu? Hori ez da justizia.
Guk txalotzen dugu Hernaniko Udalak eta %80 birziklatzen ari diren besteek San Markon egia mahai gainean jartzea. Hernaniarrok ondo ari gara eta gaizki ari direnek beren erantzukizunak beren gain hartzeko garaia dute.