Xiberua, Lapurdi eta Baxe Nafarroako bertsolari txapelketaren finala larunbat honetan jokatuko da Baionan. Bertan, guraso hernaniarrak dituen Eneritz Zabaleta arituko da kantuan Sustrai Colina, Odei Barroso, Maddalen Arzallus, Ramuntxo Christy eta Xumai Muruarekin batera. Txapelketa 18 bertsolarik hasi zuten urriaren 4an, eta iparraldeko hiru probintzietan barna hiru kanporaketa eta bi finalerdi jokatu ondoren, txapelketa azken geltokira iristeko zorian da. Bertan, bertsolariekin batera, hernaniarrontzat ere badago lekua.
Aukera paregabea dugu, 44 kilometro egin eta Hernani inguruan gutxi xamar entzuten ditugun bertsulariak ezagutu eta euskalki eta bertso doinu desberdinak entzuteko. Ezagutzen ez duguna maitatzea ezinezkoa delako, hurbil gaitezen Baionara silabaz Xilaba gozatzera arratsaldeko 5etatik aurrera, Lauga gelan.