Azken aldian ustelkeri kasu askoren berri izan dugu, eta ulertu eta konpartitzen dut herritarrak nazkatuta eta haserre egotea. Pertsonai asko dira, funtzio publikoa aprobetxatu, eta modu nazkagarrian aberastu direnak. Milaka lagunok egiten dugu lan politikan, bokazioa dugu, eta kasu hauek atzera bueltarik ez duen zauria ireki dute milaka lagun hauen ohorean eta prestigioan.
Gertaera hauen aurrean, pertsona hauek egiten duten lana defendatzeko beharra sentitu dut. Eta bereziki, Euskadin ari direnena. Izan ere, urte oso gogorretan egin dugu lana, eginbehar politikoa terrorismoak baldintzatzen zuen urteetan.
Gipuzkoan 80 herri baino gehiago daude, eta bertan egiten dute lana izaera eta kolore politiko ezberdina duten 800 lagunek baino gehiagok; gehienek zintzotasunez. Eta sekula, inoiz, ez da ustelkeriagatik kondenatutako politikorik izan. Datu hori kontuan izan behar dela uste dut, sentitzen dugun nazkak itsutu ez gaitzan, korrupzioaren orbana gure ingurura zabaldu ez dadin.
Ustelkeriaz bakarrik hitz egiten duen prentsari 'nahikoa da' esateko garaia da. Zergatik ez dituzte aipatzen administrazio publikoan herritarren alde lana egiten duten guztiak? Ez al du saltzen herria hobetu eta laguntzeko asmoz lana egiten duten guztien berri emateak? Ez al gara existitzen?
Lapur eta politikari ustelak daudela? BAI. Zintzotasunez, herriaren alde lan egiten duten pertsonak daudela? BAI. Uste dut, justuena dela batzuen eta besteen berri ematea.
Andoni Amonarraiz Gomez
EAJko bozeramailea
11 urte eta erdi Hernaniren alde lanean