Duela aste batzuk hasi ginen elkartzen guraso talde bat, Hernanin 0-5 urte bitarteko haurrei begirako eskaintzan dagoen gabezia ikusita.
Euskal Herriko klima ezagututa, haurrek, udazkenetik udaberrira ezin izaten dituzte kaleko espazioak erabili. Euskaraz sozializatzeko beste gune bat bilatzea da gure asmoa eta emozionalki berriz, sostengu bat izan daitekeena gurasoentzat.
Familia asko merkatal guneetara joaten dira arratsalde pasa. Momentu puntual batzuetan erabil daiteke aukera hau, baina egunerokotasunerako ez dugu uste eredurik egokiena denik.
Haur txikienen kasuan berriz, lurrean lasaitasunez beren gorputza ezagutzeko espaziorik ez dute izaten; ondorioz, etxeko espaziora mugatu behar dute.
Gure eskaera gurasook geure artean elkartu eta haurrentzako egokia den espazio bat izateko aukera da. Haurrei egokitutako lokal bat.
Proiektu hau herriko gurasoen beharrei erantzunez jaio denez, honen gestioaren ardura herriko gurasook hartuko dugu gure proiektua aurrera eraman ahal izateko.
Horretarako, udalari gure proiektua aurkeztu eta sinadura bilketa bat jarriko dugu martxan.