Ondo ari gara eta hobeto egingo dugu lelopean hondakin bilketan zenbait aldaketa jarri dira martxan.
Aurreko larunbatean, banatu ziren ontzi batzuk, beste batzuk aste honetan zabalduko dira, eta hurrengo asterako herri osoan ontzi grisak izango dira larunbat gaueko zintzilikarioetako protagonistak.
Zuen etxeetan esku-orri bat jaso duzue, nola, noiz eta zergatik egiten den aldaketa hau azalduz. Sanmarkok emandako datuek diote Hernanik errefusera 60,20 kilo biztanleko eraman dituela 2013an zehar; aldiz, Urnietak 208,80 kilo biztanleko eta Donostiak 292,80.
Eta 2014an datu horiek zertxobait hobetu egin ditugu eta 60 kilo baino gutxiago daramatzagu errefusera (57 k/biz) eta badakigu, oraingo aldaketa hauek, gehiago hobetzen lagunduko digutela.
Hobekuntzak etengabe lantzen jarraituko dugu. Inplikazio eta sinesmen osoa dugu horretan. Inbertsioak egiten jarraituko dugu, eta gure aurrekontuetan jasoko ditugu. Aldaketa txikiek emaitza handiak ematen dituzte. Azken aldaketa honek, herritar bakoitzeko 1,10 € kostua izan du. Kentzen dugun errefus tona bakoitzak ingurumenean duen eraginak ez du preziorik.
Hernaniko Udal Batzak Zero Zabor bidea hartzea erabaki zuen, bide horretan auto zein auzo-konposta bultzatu, bilketa sistema hobetu, etxe hondakinak biltzeko erraztasunak eman, erosketak arduraz egiteko kanpainak landu, errefusa gutxitzeko bidean jarri, kontsumo ohiturak aztertu eta behar diren egitasmoak lantzeko konpromisoa dugu. Eta praktika horrek Hernaniko mugak gainditu ditu. Denok ikusi ditugu herrian zehar kanpoko bisitari asko: Estatu Batuetatik, Frantziatik, Euskal Herritik zein Espainiako Estatutik etorriak.
Auzo-konposta egiten dugun Udalon artean, erreferenteetako bat bihurtu gara, eta Estatu mailako "Composta en Red" sarean gaude.
Pozik egoteko arrazoiak dauzkagu. Hernani, Gipuzkoa eta Euskal Herri jasangarriago baten parte aktiboa gara. Hondakinak arduraz kudeatzen ditugu, eta, ondorioz, ahaztu ezin dugun Erraustegiaren proiektua gelditzeko gai izan gara.
Jarrai dezagun Hernaniarrok berdearen koloreak defendatzen.
Bego Zuza Zabalegi
Hernaniko Udal Gobernu Taldearen izenean