Kondena politiko baten kronika
Bilduk, Astigarragako udalaren izenean, udaletxean daukan gehiengo absolutua baliatuta Mikel Zabalaren aurka hasitako “acción de regreso” prozedura epaileak bertan behera utzi duela jakin dugu.
Epaileak ez du Bilduren asmoa egokitzat jo, Elgopebirekin 1995ean alkate ohiak sinatu zuen hitzarmena udal teknikarien txostenek bermatzen dutelako. Epaileak gaineratu du ez dagoela kudeaketa txarraren zantzurik, ez du onartu Bilduren erreklamazioa eta udalari ordainarazi dio Bilduk bideratutako prozesuaren kostua.
Bilduk, ohiko harrokeriarekin, sententzia gutxietsi du: “ezin dituztela onartu kargu publikoen inpunitatea babesten duten politika eta ekintzak, justiziak erakutsi duela sistemak ondo errotuta dauzkala diru eta ondare publikoaren xahuketa eta erabilera arduragabeak egiten dituztenen inpunitate eta babesa, eta atzo, gaur eta bihar gardentasun osoz eta herritarron interes orokorrak defendatzen jarraituko dutela”.
Hipokresia handiagorik! Ikusi dugu bai hiru urte luzez Astigarragako interes orokorrak Bildu zenbat kezkatzen duten. Botere absolutuaren indarrez, hasteko 800.000 euroko kostua zeukan eta urtero 500.000 euroko faktura gainditzen duen hiri hondakin sistema ezarri dute, gehiengoaren kontra, herritarrek eskatutako herri-galdeketa eragotziz.
Zein “gardentasun osoz” ari da Bildu? diru publikoarekin baliatzen den Garbitaniako kide egin dute Astigarraga, baina administrazio kontseiluan soilik ezker abertzaleko alkate eta zinegotziak onartzen dituzte.
Bilduk garbi erakutsi du ez duela betetzen besteei eskatzen diena, boterea alderdikeriaz baliatzen duela, baita aurkari politikoa suntsitzeko ere. Mikel Zabalari Bilduk egin dion epaiketa eta kondena politikoa onartezinak dira, eta halakoak ikusita herritar guztiok hausnartu beharko genuke, demokrazian behintzat, boterea euren probetxurako eta aurkaria kaltetzeko darabiltenak kudeaketa publikoan aritzeko prestatuta ote dauden.
Zorione Etxezarraga Ortuondo
EAJ-PNVren bozeramailea Astigarragako udalean