Prestatu euskal jantziak; beste urte batez iritsi baitira Euskal Jaiak gurera ere. Aurten seigarren urtez jarraian ospatuko dira eta ekintzaz beteriko egitaraua prestatu dute antolatzaileek. Bi eguneko festa izango da eta Udalarekin elkarlanean osatu dute programa herriko hamar elkarte eta taldek: Kriskitina dantza taldea, Santa Barbara elkartea, Hernaniko talogileak, San Joan konpartsa, Kaxko auzo elkartea, Musika Banda, Txistulari Banda, Tolarea Sagardo Naturalaren kofradia, Pilota kirol elkartea eta Hernaniko palistak. Antolatzaileek euskal jantziak janztera animatu dute jendea.
Antolatzaileek euskal jantziak janztera animatu dute jendea.
Goizeko 10:00etan hasita, abeltzaintza azoka ikusteko aukera egongo da Ezkiaga pasealekuan. Bertako abereak egongo dira ikusgai: betizuak, astoak, ahuntzak, pottokak, zaldiak, sasi ardiak, aharia, txerriak, hegaztiak… Jende mordoa gerturatzen dela azaldu dute antolatzaileek, eta aurten ere hala izatea espero dute: «urtean behin bakarrik burutzen da erakusketa hau herrian». Artzaintza lanen erakustaldia ere izango da bertan. Ekitaldi berria izango da eta Ipar Arrinda lekeitiarrak ardiak jetzi, ardiak mutildu (ilea moztu) eta artzain txakurrarekin ardi multzo txiki bat gidatzen erakutsiko du.
Antzinako jokoak ikusgai
Herritar asko bereganatzen dituen beste ekintza bat antzinako jokoak dira. Ekitaldi honetarako proba ezberdinak prestatu dituzte antolatzaileek. Herriko neska eta mutilez osaturiko bi talde lehian arituko dira hainbat jokoetan: lokotx biltzea, marmitak eramatea, kontrabandista, sagar biltzea kizkiarekin, arropa garbitzea, suiladunen lasterra eta sokatiran. Taldeei dagokienez, gazte asanbladako gazteek osatuko dute bata, eta Xiba jokoetan trebatutako Hernaniko koadrilak bestea.
Haurrek ere parte hartu ahal izango dute, beraientzako ere prestatu baitituzte jokoak. Antolatzaileen esanetan «joko batzuk garai bateko eguneroko zereginekin lotura zuzena dute. Garai bateko ofizioak joko bezala antolatzen dira orain». Aipatutako jokoen artean, suiladunen lasterra azpimarratu nahi izan dute: «proba hau orain 100 urte baino gehiago egiten zen Hernanin. Suilak ura garraiatzeko erabiltzen ziren eta hemengo kasuan, ohikoa zen Leokatik herriko etxeetara ura eramateko ontzi hauen erabilpena». Proba honetan parte hartzaileek suilak urez beteta buruan jarri eta finkatutako ibilbidean ahal den azkarren joan behar dute.
Suiladunen lasterrarekin batera, lokotx bilketa eta zirrindola karrerak arrakasta haundiz ospatzen ziren garai batean, «udalak nola egin behar ziren araututa zeuzkan; adibidez, zenbat lokotx jarri behar ziren, zenbateko tartea jarri behar zen bata eta bestearen artean…», azaldu dute antolatzaileek.
11:00etatik aurrera, sagardo desberdinak dastatzeko aukera izango da.
Jan eta edateko aukera
Jai gehienetan ohikoa den moduan, ez da jatekorik eta edatekorik faltako. Talo eta txakolin dastatzea izango dira Iturriaga kalean. Bitartean, herri kirolez gozatzeko aukera egongo da Tilosetan.
Kantua ere ez da faltako eta kalejiran ibiliko dira. 12:00etan jarri dute hitzordua Plaza Berrin. Seguru aski batek baino gehiagok ezingo diola kantatzeko gogoari eutsi!
Haurrentzako tartea
Gaztetxoenentzako ekintzak ere prestatu dituzte eta eguerdiko 12:30etan erraldoi eta buruhandiak aterako dira. Arratsaldean, berriz, tailerrak antolatu dituzte udaletxeko arkupetan, 17:30etatik aurrera.
Euskal dantzak gustuko dituztenek ere izango dute oinak non mugitu. Izan ere, erromeria izango da Alaken taldearekin Plaza Berrin 18:30etan hasita.
Egunari amaiera emateko, musika bandak emanaldia eskainiko du udaletxeko arkupetan 19:30etan. Ondoren, sardina-jatea antolatu dute Kaxko auzo elkartekoek Plaza Berrin.
Egunari amaiera emateko, sardina-jatea izango da Plaza Berrian.
Sagarra eta Sagardoaren eguna
Igandean festak jarraituko du eta Txistulari Bandak emango dio hasiera egunari dianarekin. Goizeko 9:00etan abiatuko dira plazatik.
Egunean zehar ez da festarik faltako, izan ere, 11:00etatik aurrera, sagardo desberdinak dastatzeko aukera izango da. Tolarek, Gipuzkoako Sagardo Naturalaren Kofradiak antolatuta, Hernaniko 11 sagardotegitako kideak izango dira Gudarien plazan: Akarregi, Alberro, Altzueta, Goiko-Lastola, Iparragirre, Itxasburu, Larre-Gain, Olaizola, Otsua-Enea, Rufino eta Zelaia. Pintxoak jateko postua ere jarriko dute, sagardoari laguntzeko.
Sagardoaren elaborazio prozesua ezagutzeko aukera ere egongo da Barkaiztegi sagardotegiko Joxe Mari Irizarren eskutik.
Tilosetan, berriz, pelota partiduak egongo dira ikusgai, goizeko 11:30etatik aurrera. Maider Huizi, Ariane Arrieta, Eli Pagola eta Miren Goikoetxea arituko dira palan.
XVI.Trikitixa txapelketa izango da bihar Gudarien plazan, eguerdiko 12:00etan hasita.
Trikitixa txapelketa, bihar eguerdian
Trikitixaren doinuarekin alaituko dute goiza Gipuzkoako herri desberdinetatik datozen sei bikotek. XVI.Trikitixa txapelketa Gudarien plazan jokatuko da eguerdiko 12:00etan hasita. Kriskitina dantza taldeak antolatu du eta bertan izango dira Hernaniko Eider eta Lierni Tolosa ahizpak, aurtengo Martindegiko txapeldunak. Bigarren hau, Ainhoa Adarraga hernaniarrarekin batera ere arituko da. Hiru pieza jo beharko dituzte: trikitixa, porrusalda eta fandangoa edo arin-arina aukeran. Epaimahaiak piezen zailtasuna, erritmoa, kantua, eta abar baloratuko ditu.
Asteburu betea aurretik datorkiguna, beraz, planik ez duenak nahi ez duelako da!