Euskal zinemak indarra hartu du Donostiako Zinemaldian. Zinemira sailaz gain, beste lau pelikula euskaldun egongo dira 62 edizio honetako sail ezberdinetan. Aipatzekoa da Loreak filma, zinemaldiaren historian Sail Ofizialean egon den bigarren euskarazko filma izango baita. 1990garren urtean egon zen aurrenekoa, Antxon Ezeizaren Ke arteko egunak filma. Euskal zinemaz gain, atzerritik ekarritako pelikula interesgarri asko izango da aurten. Denzel Washington eta Benicio del Toro aktoreak izango dira aurtengo protagonistak, Donostia Saria jasoko baitute.
Loreak – Irailak 23, 24 25
Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren azken lana da. 80 egunean filmak atzerrian izandako arrakastaren ostean, istorio intimista batekin datoz Zinemaldira.
Hiru emakumeren istorioa kontatzen da; hiruren bizimoduak goitik behera aldatuko dira, lore-sorta xume batzuen eraginez. Lore horiek ahaztutzat zituzten sentimenduak azaleratuko dituzte. Filmak Urrezko Maskorra irabazteko aukera asko ditu.
Lasa eta Zabala – Irailak 25, 26, 27
Pablo Malo zuzendari donostiarrak Joxean Lasa eta Joxi Zabalari gertatutakoa azaltzea du helburu Lasa eta Zabala pelikulan. Duela 30 urte, ETAko bi kide hauek torturatuak, erailak eta kare bizian lurperatuak izan ziren. Epaiketetan oinarritu da zinegile donostiarra, pelikula egiterakoan. Malok adierazi du ez duela onen eta txarren pelikula bat egin. Manikeismoetatik urrundu da, eta gertatutakoa azaldu du. Sail Ofizialean lehiaketatik kanpo egongo da filma.
Une nouvelle amie – Irailak 20, 22
2012 urtean François Ozon zuzendari frantsesak Urrezko Maskorra irabazi zuen Dans la maison filmarekin. Aurten ere, maskorraren lehian egongo da film honekin. Egokitzapen libre bat da, Ruth Rendell idazalearen The New Girlfriend istorioarena. Laguna hil ostean, Claire depresio batean sartuko da. Lagunaren senarrarekin hitz egiten hasiko da. Eta handik aurrera, berezia izango da bien arteko harremana.
Negociador – Irailak 22, 23, 24
Borja Cobeagaren azken filma Zabaltegi sailean egongo da ikusgai. Manu Arangurenek negoziazio lanak egingo ditu ETArekin, Espainiako Gobernuaren bozeramaile gisa aritzen den euskal politikaria da. Laster ikusiko da, ez dela ekintza serioa eta ondo pentsatua; alderantziz. Kasualitateek, akatsek edo gaizki-ulertuek baldintzatuko dute bi aldeen arteko elkarrizketa. Umorez betetako filma da, eta ETAren tabura gerturatzea izango da zuzendari donostiarraren nahia.
Mommy – Irailak 19, 20
25 urteko zuzendari gaztea da Xavier Dolan kanadiarra. 2009 urtean zuzendu zuen aurreneko filma, 19 urte zituela. Donostian, bere bosgarren pelikula ikusteko aukera izango da, aurreneko aldiz ingelesez egindakoa. Arazoak dituen 15 urteko seme batez arduratu behar du alargundu berri den amak. Arreta falta eta hiperaktibitate arazoak ditu gazteak. Ama-semeak saiatuko dira ondo konpontzen eta elkarbizitza ahalik eta ondoen eramaten. Kyla bizilagun berriaren etorrerak, eragina izango du bizitzan. Filmak Epaimahaiaren Sari Berezia lortu du Canneseko zinema-jaialdian; Donostian Perlak sailean egongo da ikusgai.