1977ko udan hasi ziren Estanco tabernan lanean. Garai hartarako ederki eskarmentatua zegoen bikotea, biak ere gazte-gaztetatik ostalaritzan lan egindakoak dira eta. Baina, zorionez, dena ez zuten lana izan, ostalaritzak berak eman baitzien elkar ezagutzeko aukera Zarauzko malekoian zeuden bi hoteletan lanean ari ziren garaian. Denbora aurrera joan eta Oriora ezkondu ziren, Mari Carmen bertakoa da eta.
Orion bizitu ziren garai hartan, Satur lan batean baino gehiagotan aritu zen. Bera Donostiako Alde Zaharreko Ormazabal jatetxean eta Mari Carmen Zarauzko Duque hotelean lanean ari zirenean iritsi zitzaien Estanco tabernara joateko aukera, Manuel Aduriz eta Iñaki Garañoren eskutik.
Maletak egin eta Ergobira
Mari Carmen: Bai, ez ginen lanera bakarrik etorri, bizitza ere hemen hasi genuen. Gure alaba zaharrenak bi urte inguru zituen etorri ginenean eta denok egokitu behar izan genuen. Baina lana bazegoen, eta horrek bidea ireki zigun. Gainera, etxea tabernaren gainean geneukan, lanetik hurbil baino hurbilago.
Satur: Taberna hartu genuenean auzoko taberna zahar bat zen. Hasieran alokairuan utzi ziguten, baina erosteko aukera eman zigutenean erosi egin genuen. Orduan egin genuen obra, eta gauza batzuk aldatu genituen. Hasieran ikatz sua genuen, eta guk gas zentrala jarri genion. Orain urte batzuk etxebizitzak egin zituztenean hiriko gasa jarri zuten. Tabernaren ondoan ultramarinos denda bat zegoen, eta hori ixtean ere erosi egin genuen almazen bezala erabiltzeko.
«Nire ustez momenturik onenak festetakoak eta sagardotegi denboraldikoak dira»
Lan banaketa: bata sukaldean eta bestea zerbitzatzen
Satur: Bai, ni arduratzen nintzen eguneko erosketez eta eguneko menuak pentsatu eta prestatzeaz. Beti eskaintzen genituen lau lehenengo eta lau bigarren. Normalean lehenengoak entsalada, potajea, pasta edo zopa izan ohi ziren. Goizeko seietarako sartzen nintzen lanera, eta orduan hasten nintzen txorixo egosia eta haragi gisatua prestatzen. Oso arrakastatsuak izan ohi ziren biak.
Mari Carmen: Satur izan da tabernaren motorra.
Poligonoko langileak bezero fidel
Satur: Hasiera-hasieratik bazkari asko ematen genituen. Beno, guk eta baita inguruko jatetxe zein tabernek ere. Langile asko zegoen inguruko poligonoetan eta horiei ematen genien jaten. Hala, goizean goiz hasi eta arratsalderako lasaitu ohi zen. Lan gehien astelehenetik ostiralera eta goiz eta eguerdi partean egiten genuen. Afari gutxi ematen genituen, kamioilariren bat edo beste agian, baina askoz gehiagorik ez.
Mari Carmen: Bukaera aldera, ordea, langile gutxiago zeuden, eta eguneko menuak eta bazkariak ere gutxitzen joan ziren. Dena den, Ergobiko bertako jendea izan dugu gurekin. Tabernan ez ginen gu bakarrik. Lanean aritu garen urteetan Ramoni eta Koro izan ditugu tabernako langile eta laguntzaile. Azken horrek 23 urte pasa ditu gurekin.
Taberna klasikoa, baina dekorazio bitxia
Mari Carmen: tabernako dekorazioa klasikoa zen, lau mahai luze eta beste motzago bat genituen, ematen genituen eguneko menu eta bazkariak jango zituzten bezeroak sartu ahal izateko, baina bazegoen beste gauza bat ere, ezta Satur?
Satur: Mahaiez gain bagenuen beste gauza bat, bai. Alaba gaztea hasi zitzaigun pinak jaso eta horien bilduma egiten. Niri bururatu zitzaidan tabernan jartzea. Horrela hasi zen, ustekabean, jendea bere pinak ekarri eta bertan uzten. Jubilatu garenean bertan utzi nahi nituen pinak, baina oraingo jabeak beste zerbait zebilkien buruan.
«Momenturik zailenak uholdeek eragindakoak izan dira. Ura pasa arte itxoin behar izaten genuen eta gero pazientzia handiz garbitu eta aurrera segi»
Momentu onak, momentu txarrak
Mari Carmen: momentu onak milaka izan dira, ez dakit batekin gera naitekeen. Urte asko izan dira eta lanean jarraitu dugu lana zegoelako, baina baita gustura geundelako ere.
Satur: Nire ustez momenturik onenak festetakoak eta sagardotegi denboraldikoak dira. Lehen jende asko mugitzen zen bi garai horietan eta asko disfrutatzen genuen. Momentu txarrena, dudarik gabe, Urumea atera zenekoa da. Bi uholde fuerte izan ditugu, bata 1983an eta bestea 2011n. Azken honetakoa gogorrena, dudarik gabe.
Mari Carmen: 1983an belaunetaraino iristen zitzaigun ura, baina azken uholdeetakoa bikoitza izan zen. Ura bere bidera itzuli arte itxoin behar izan genuen eta gero pazientzia handiz garbitu eta aurrera segi! Taberna azpian dugun bodegara askotan sartzen zen ura, baina taberna sekula ez genuen 2011n bezala ikusi.
Astigarragako txoko preziaturen bat…
Biek: Ergobia auzoa, dudarik gabe.
Satur: Nik taberna utzi dut baina etortzen segi nahi dut ahal dudan bezain bestetan, eta noski, sagardotegi denboraldian. Auzo txikia da eta denok ezagutzen dugu elkar, denok egin gara lagun.
Mari Carmen: Hemen bizi izan garen urte guztietan ia ez gara auzotik atera. Igande eta jai egunetan ixten genuen, baina arratsaldeko hiruretatik aurrera. Aste santuan eta abuztuko lehenengo hamabostaldian (beti ere Ergobiko jaien arabera), edota jaunartze, bataio eta hileta elizkizunetan ere itxi egiten genuen. Gainontzeko egunak hemen pasa ditugu, eta bizitzako egun asko izan dira.
«Auzo txikia da eta denok ezagutzen dugu elkar, denok egin gara lagun. Horregatik dugu Ergobi Astigarragako txoko preziatuena»
Orain erretiroa, maletak egin eta Oriora
Satur: Taberna abenduaren 31n utzi genuen, eguerdi aldera ohiturazkoa zen hamaiketakoa egin eta itxi egin genuen. Triste baina pozik geunden, bagenuen eta nork hartu. Nik ez nuen utzi nahi baina 67 urte ditut. Emazteak zein alabek behin baino gehiagotan esan zidaten, baina sekula ez zen momentu ona niretzat. Uzteko momentua iritsi zitzaigun, eta kito. Hasieran jendeak ez zuen sinesten, oraindik jubilatzeko adinik ez nuela esaten zidaten, baina adina ongi pasea neukan nik! Taberna utzi bai, baina ofizioa ez, sukaldaria eta haur zaintzailea badituzte orain nireek Orion.
«Nire familia guztia han daukat, eta orain gure bi alabak eta lau bilobak ere bai. Ez diogu lan egiteari utzi, esango nuke enpresaz aldatu dugula»
Mari Carmen: Ezkondu gineneko etxera itzuli gara Oriora. Konponketa batzuk egin behar izan dizkiogu urte asko xamar baitzeramatzan ia ezer ukitu gabe. Nire familia guztia han daukat, eta orain gure bi alabak eta lau bilobak ere bai. Ez diogu lan egiteari utzi, esango nuke enpresaz aldatu dugula. Baina urte oso onak pasata noa hara, eta bene-benetan eta bihotzez eskerrak eman nahi dizkiegu denei, gure lagun eta bezero guztiei urte hauetan gurekin izateagatik.
Estanco taberna, estankoa eta taberna
Estanco tabernaren izena nondik datorren argi ez jakin eta Ergobiko bizilagunen batek argiago izango duelakoan jo dugu Joxe Mari Ubarretxena, Ergobiko plazan dagoen Antonenea (Tximela izenez ezagunagoa) baserriko jabearengana. Hark dio, txikitatik ezagututakoaren arabera, taberna bat bazela lehen, baina ez zela soilik taberna, estankoa ere bazela. Bertako jabea, Ariztimuño familia zen eta haien izenean zuten tabakoa saltzeko baimena.
Taberna Satur eta Mari Carmenen esku utzi zutenean, taberna ondoan dendatxo bat ireki zuten, ultramarinos horietako bat. Euren izenean zuten tabakoa saltzeko baimena eta tabernatik ondoko dendara pasa zuten salmenta. Dena den, tabernak bere horretan mantendu du izena.