Oraingo jabe berriak Idoia Fernandez de Gamarra Rezola eta Josetxo Uria Aierbe dira. Aurora Labarbera Onaindia eta Asier dituzte lanean, pixkanaka martxa hartu eta laguntzeko. Urtarrilean hartu zuten taberna, eta ilusioz eta gogo handiz ekin diote abenturari. Josetxok hamar urte daramatza Ergobin bizitzen, eta orain hiru urte esan zion Saturri taberna uzteko asmoa zuenean berekin kontatzeko. Bera ere urte askotan ibili izan da ostalaritzan lanean. Sukaldari lanak egin ditu, besteak beste: Berasategiren ikasle izan da, baina baita sukaldaritza italiarraren ikasle eta sukaldari ere Donostiako pizzeria batean. Masa eta pasta freskoak egiten ikasi du, baina betiko platerak asko gustatzen zaizkio. Horregatik, goiz-goizetik esnatzen da txerri hankak, txorizo egosia, eta beste hainbat kaxuela prestatzera.
Imajinazioa lantzen
Orain, krisi garaian, eguneko menuekin eta langileekin ez dute hainbeste lan egiten, baina oraindik eusten diote lehengo horri, astelehenetik ostiralera eguerdi zein gauetan eguneko menua eskainiz, eta asteburuetan menu bereziak prestatuz. Imajinazioarekin ere hasi dira jolasten, eta egunero iluntzeko 20:30etik aurrera pizzak, plater konbinatuak eta bokatak ematen dituzte.
Bezero eta garaiak aldatu badira ere, Ergobi auzoari bizia eman nahi diote tabernarekin. Lehengo espiritua mantentzen du Estancok. Taberna klasikoa dirudi, baina Satur Blancoren pin kolekzioa Josetxoren aita eta aitonaren baserriko lanabesek ordezkatu dute, generazioz generazio pasatakoak eurak, eta bizitzan zehar egindako hainbat lanen adierazle. Jabe bakoitzak bere ukitua eman ohi dio tabernari, ea oraingoek ere besteek adina urte pasatzen dituzten bertan!