Aurten 40 urte bete dira Hernaniko trainerua Kontxako Ikurriñaren ohorezko txandan aritu zenetik. 1974 urtea zen eta Hernanik laugarren postua lortu zuen, Orio, Lasarte-Michelín eta Astilleroren atzetik; bi jardunaldietan izan zen hala; aurrenekoan eta bigarrengoan.
Aurreneko jardunaldi hartan, gainera lehenengo sei ontziak 12 segunduren barruan kokatu ziren; eta hori, itsasoa mugituta zegoela! Oriok irabazi zuen; eta Lasartek denbora berdina egin zuten. Astillero segundo bakarrera iritsi zen, eta Hernani zortzi segundura. Koxtape-Beraunek bederatzi segundu gehiago behar izan zituen, eta Hondarribiak hamabi gehiago. Bigarren igandean aldiz, abantalailak haunditu egin ziren; itsaso hobea zeogean, bareagoa; postuak ordea mantendu egin ziren, eta laugarren bukatu zuen Hernanikko traineruak.
40 urte bete dira Hernanik Ohorezko txandan arraun egin zuenetik.
Batera edo bestera, Kontxan
70garren izan zen Hernaniren urrezko garaia, bost aldiz hartu baitzuen parte herriko txalupak Kontxako badian. Ordutik ez dugu txalupa hernaniarreik ikusi Kontxan, baina bai ordea arraunlari hernaniarrak. Azken hogei urteotan gertatu izan den bezala, biharko lehian ez dira hernaniarrak faltako; eta ezta astigartarrak ere. Hori bai, beste herritako traineruetan egingo dute arraun.
Zazpi arraunlari, hernaniar eta astigartarrak
2014garren urtea berezia izan daiteke bi arrazoi nagusirengatik. Bata, hernaniar eta astigarragar kopuruarengatik: mutil zein nesken estropadak kontuan izanda, zazpi aterako dira. Marka bikaina!
Eta bestetik, aurten Kontxako Ikurriña oso gertu dutelako zazpi horietako bi arraunlarik. Ainhoa Saizar ereñozuarrak eta Amets Zapiain astigarragarrak San Juaneko traineruan egiten dute arraun, eta aurreneko jardunaldian segundu bateko abantaila lortu zuten Hibaikarekiko. Bandera San Juan bidean dago, eta pozik eta zuhurtziarekin dira Ainhoa eta Amets: «segundu bat dugu alde, eta irabazi behar badugu lehendabiziko egunekoa berdindu beharko dugu».
Kontxa irabaztea izugarria litzateke bientzat: «Gertu dago, baina oraindik urruti ikusten da. Amets bat gauzatzea litzateke ikurriña irabaztea». Badira urteak halako garaipen baten atzetik lanean ari direla, eta oraingo honetan inoiz baino gertuago dute.
Nesketan ere bada beste hernaniar bat: Orioren traineruan egiten du arraun Amaia Zuaznabar gazteak. 16 urte ditu, 17 beteko ditu datorren urrian eta dagoeneko izan du San Nikolas ontzian aritzeko aurkera. Lehen jardunaldian laugarren sailkatu ziren: «Oso gustora nabil. Alde batetik espero genuen Kontxara sailkatzea, baina ez sartzeko arriskua ere ikusten genuen. Helburua bete dugu eta niretzat arraun egitea handia litzateke».
Arkaitz Goñik hamaikagarren aldiz hartuko du parte bihar, Kontxako banderan.
Lau mutil Donostian,
Orion eta San Juanen
Urte batzuetan mutilek izaten dute protagonismo gehiago, eta besteetan emakumeek. Pasa den urtean Arkaitz Goñi segundu bakarrera geratu zen Kontxako Ikurriña irabaztetik, baina aurten urrutiago ikusten du aukera hori: «Ez dugu Ikurriña irabazteko ia aukerarik. Aurkari askotxo ditugu gure aurretik eta urruti gaude».
Denboraldia ongi hasi zuten oriotarrek, eta esperantza handia zuten denboraldi honekin. Zortea faltan, ez dira espero bezain ondo aritu: «Gora behera handiak izan ditugu uztaileko bigarren astetik aurrera, eta azkenean Kontxa urtearen islada izaten da» dio Arkaitzek. Aurtengoa hamaikagarren partaidetza du Arkaitzek, eta zentzu horretan gainditu du Luis anaia: «Ez du uste hernaniarrik egongo denik hainbeste urtetan arraun egin duenik Kontxan».
Pasai Donibanen ere bada arraunlari hernaniarra: Ivan Lopez. Ur Kirolak taldean hasi zen arraunean eta Donostiarra ontzian aritu eta gero, lau urte daramatza San Juaneko tostetan. Lehenengo jardunaldian seigarren postua lortu zuten eta bere txandaren bila irtengo dira bigarrenean: «ez genuen zorterik izan ez txandan, eta ezta kale zozketan ere. Emaitzak erakusten duena baino estropada hobea egin genuen. Orain helburua da txanda irabazi eta bosgarren postua lortzea da».
Saizar eta Zapiain:
«gertu dago baina era berean urruti. Amets bat litzate kontxa irabaztea».
Harreman estua donostiarrak eta Hernanik
Donostiarra eta Hernaniren arteko erlazioa ere estua da. Jakina da Juanjo Etxart eta Xabier Zabala bi taldeetan lanean aritzen direla. Tinko dihardute, eta aurten eman dituzte aurrera pauso batzuk; eta lan hori nabaritzen da Hernaniko taldean aritzen diren ontzi txikietan.
Andoni Saizar patroi lanetan aritu da estropada batzutan. Etorkizun ikaragarria du Ainhoaren anaiak, eta gutxitan ikusten den abilezia du ontzia eramaten: «Aurten KAE Ligako estropada batzutan aritu izan naiz eta Kontxako ametsa gertu ikusten dut».
Iritzi berekoa da Ion Urretabizkaia. Iaz aurreneko traineruko kide izan zen eta aurten estropada ugari egin ditu. Bigarren jardunaldian aukeraren zain egongo da: «gustatuko litzaidake arraun egitea, baina hori Xabierren eskuetan dago».