Udarako atsedenaldiari buelta emateko elkarteak Tendeñera mendira antolatu du irteera. Irailaren 27an abiatuko dira Hernanitik Linas de Broto herrira. Ibilbidea luzea denez, bertan dagoen aterpean egingo da lo, eta hurrengo egunean abiatuko dira oinez.
Linas de Broto Biescas eta Torla elkartzen dituen errepidean aurkitzen da, Cotefablo mendatea pasa eta gero Tendeñera izen bereko mendizerraren gailur altuena da. Ez da hiru milako gailurra, eta agian horregatik batzuk usteko dute mendi erraza dela. Ez da horrela. Bai ipar isuritik, bai hegotik desnibel handiko mendia da eta horrek zailtasuna ematen dio. Egoera fisiko onean egon behar da mendi honi ekiteko, bestela ibilbidea gogorra eta nekeza egingo zaigu.
Bestalde, udaberri amaieran edo udara hasieran igotzen saiatzen bagara, elurtegiak aurkitzen direnez, kranpoiak eta pioleta beharrezkoa izaten dira. Udara amaieran, gure kasuan bezala, edota udazkenean, ordea, ez da arazo hori izaten. Horrez gain, gailurra zanpatzeko azken metroetan ertz erraza baino aereo bat zeharkatu behar da. Ez da zaila, baina bertigoa duenarentzat ez da aproposa. Kasu horretan hobeto da aurre-gailurrean geratzea.
Pirinio zentraleko kareharrizko altxorra
Tendeñera mendizerra Pirinio zentraletan kokatuta dago. Pirinio zentral gehiena granito arrokaz osatua dago gehienbat. Salbuespena Tendeñera mendizerratik Monte Perdidoko mendi gailurretara dagoen mendilerroa da. Pirinio zati hori kareharriz osatuta dago eta horrek beste ezaugarri batzuk eta beste itxura bat ematen dizkio. Granito harriz osatutako inguruetan, arroka iragazgaitza denez, errekak eta lakuak ugariak izaten diren modura, kareharrizko inguruetan uraren higadura lana nabaria izaten da bai, baina errekak, iturriak edota lakuak oso urriak izaten dira.
Mendizerra ekialdeak eta mendebaldeak osatzen duten ardatzarekin lerrokatuta dago eta Pirinio ardatz nagusitik bananduta dagoenez, bertatik ikusten diren bistak zoragarriak dira. Ipar mendebaldera Anayet eta Midi d´Ossau; ipar aldera Garmo Negro, Argualas, Balaitus eta Gran Facha; Ipar ekialdera Vignamale, Marbore eta Monte Perdido. Horrekin guztia esana dago.
Desnibel haundiko bidea, baina bista eta paisaia zoragarriek jantzia
Aterpetik irten eta Torla herrira doan errepideari jarraitu zubia baino lehen dagoen aparkalekura iritsi arte. Bertan hasten da bidea (1.200 m). Igo eta jaitsi bide beretik egingo da. Beraz norbait nekatu edota igotzen aspertzen bada, erraza dauka buelta eman eta herrira itzultzea.
Ipar norabidean doan pista hartu eta berehala, zubi bat gurutzatuz, pista utzi eta baso eta zelaien artean doan bide polit bat jarraitu behar da. Ibiltzen hasi eta handik ordu erdi ingurura bidegurutze batera iritsiko gara. Ezkerreko bidea hartu behar da. Harriztatutako bide bati jarraitu behar zaio Mercera izeneko zubira iritsi arte. Zubia gurutzatu eta eskuinera egin behar da. Pista batera irtengo gara. Bere amaieraraino jarraituz Soaso de Linás aterpera iritsiko gara (1.630 m).
Hemendik zelaietatik zehar gora egiten duen bidezidorra jarraitu behar da. Igotzen hasi eta berehala eskuinera egin eta Barranco de Planas d´Abozo izena duen bailaratik gora egin behar da.
Erreka beti eskuinean dugula bideak Tozal de Soaso izeneko lepora (2.200 m) hurbilduko gaitu. Bertatik Tendeñera gailurra ikus daiteke. Ipar mendebaldera gora egin behar da. Crestas de Año izeneko ertzaren azpitik bideak gora egiten du zeharkaldi haundi bat eginez. Zati honetan soroak atzean utzi eta harri txintxarrezko bidean sartzen gara.
Harri txingarrak zeharkatu ondoren, gailur azpian dagoen zelaigune batera iritsiko gara. Bertatik ikusten da geratzen zaigun azken aldapa. Soro eta harkaitzetatik barrena hasieran eta harri txintxarrezko bide marroi batetik azken metroetan, Tendeñerako aurre-gailurrera iritsiko gara. Gailurreko mugarrira iristeko ertz aereoa zeharkatzea soilik geratzen da. Bistak eta paisaia zoragarriak dira.
Datu interesgarriak:
z Distantzia: 20 Km.
z Denbora: 10-11 ordu.
z Desnibela: gorantz eta beherantz 1.610 m.
z Zailtasuna: Desnibel haundiko ibilbide luzea.
z Beharrezko materiala: mendiko material arrunta.
z Mendiriz Mendik irailaren 27tik 28ra egingo du irteera hau.
z Ibilbidearen kokapena: Linas de Broto (Huesca).
z Nola iritsi: A-15 autobiatik Iruñera joan eta bertan hartzen den A-21 autobiatik Liedenara hurbildu. Bertan N-240 errepidea hartu eta, Jakatik igaro ondoren, Sabiñanigora iritsi baino lehen, N-260a errepidea hartu eta Biescas aldera jo. Bertan Cotefablo aldera egin. Mendatea igaro eta kilometro batzuk jaitsi, Linas de Brotora.
z Oharra: elkarteko egutegian iraileko irteera Pic d’Estats dela jartzen du, baina aldatu egin behar izan dute.