Sentimendu kontrajarria sortu dit PP eta Bildu alderdiak EAJren finantzez kezkatzen direla ikusteak. Ez dakit zer egin, barrez hasi edo negar egin.
PP alderdiaz ez dut esateko askorik, nahikoa esan baita dagoeneko. Dirudienez, Euskadin kenduta, azpijokoan aritu dira agindu duten gainontzeko lekuetan. Harritzen nauena da, Euskadiko PPko buruak ez jakitea egoitzak legalki nola finantziatzen diren. Pentsatu nahi dut, PPk legalki finantziatzen dituela bere egoitzak. Edo ez da hala? Hortik guk ondo egin dezakegunaren zalantza?
Bildutaz ez dakigu ezer asko, inor ez baita salatzera ausartzen. Alderdi honetako ordezkariei eskatuko nieke aurkeztu daitezela salbatzaile garbi gisa, berma dezatela beraien legalitatea. Eskatuko nieke ezker abertzaleak tradizionalki agintzen duen herrietan zer gertatzen den aztertzeko; eta baita ere, legegintzaldi honetan agindu dutenetan ere. Donostiatik hasi daitezke, herri berri gisa; eta Hernanirekin jarraitu, historikoki gobernatu izan duten herri gisa.
Badute nondik hasi: pertsonal kontratazioak, funtzionario interino eta fijoei egin zaien presio injustifikatua, langile-aholkulariak, lotsa askorik gabe egindako entxufismoa, zerbitzu eta hornikuntza enpresen kontratazioa...
Etxea garbi dutenean, hitzetatik ekintzetara pasatzen direnean, aukera izango dute instituzioetako salbatzaile gisa aurkezteko; ordura arte, ez daitezela bizilagunaren etxea akusazio faltsuekin zikintzen saiatu.
Beti defendatu izan dut, politikara dedikatzen denak zintzotasunetik egin behar duela lana. Ilegaltasunak ez du lekurik instituzioetan.