Harrituta nago. Bigarren urtea da abuztuan Goiz Eguzki jubilatuen zentroak ateak ixten dituela, eta ezin dut ulertu. Ez naiz ni bertako erabiltzailea, baina tratu haundia izaten dut adineko pertsonekin, eta ikusi dut beraientzat ezinbesteko zerbitzua dela jubilatuen etxea irekita egotea.
Inguruko herrietan galdetu dut; Donostian, adibidez. Esan didatenez, han irekita mantentzen dira jubilatuen etxeak, baita abuztuan ere. Eta lehen Hernanin ere egiten zen. Zergatik orain ez?
Uste dut denok ordaintzen ditugula nahikoa zerga horrelako zerbitzuak eduki ahal izateko. Gainera, iruditzen zait denon betebeharra dela kontu hauekin kezkatzea, edo ez al dugu nahi guk ere, adina iristean, horrelako zerbitzurik?
Ez dut uste asko kostatzen denik, adibidez, Udaleko langileren bat arduratzea egunero ateak ireki eta ixteaz. Ez da beste ezer behar. Besterik gabe, norbaitek goizean egoitzako ateak ireki ditzala, eta iluntzean itxi.
Seguru eskertu egingo dutela egunero zer egin eta nora joan ez dakiten adineko pertsona horiek guztiek; mugitzeko zailtasunak dituzten horiek eta beraz, ia ia atera ere egiten ez diren horiek; eguraldi nahiko txukuna dagoenean, eta besterik ezean, Plaza Berrin elkartzen diren horiek.
Denon ardura da.