Bilduk langileak eta politika berri bat defendatzen ditu? Ez dut uste

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Amonarraiz, EAJko bozeramailea 2014ko abu. 1a, 02:00

Bildu aurkezten da langileen eta politika berri baten defendatzaile bezela, baina oraintxe jakin dugu Hernaniko udaletxeko per­tsonal-teknikaria kaleratu dutela. Orain arte, ez da horrelakorik gertatu zinego­tzi bezela nagoenetik. Eta hori gutxi balitz, Bilduk ez du denborarik izan pertsonal-komisio bat deitzeko, horrelako erabaki gogor baten arrazoiak azaltzeko oposizioari. Hilabete bat pasa da, funtzionario interinoa kaleratu zutenetik, eta inork ez digu jakinarazi. Gora gardentasuna eta partaidetza! Politika egiteko modu honetara ohitu gaitu Bilduk.
Gertakari honek, are gehiago okertzen du Hernaniko Udalak bizi duen egoera larria, non langile bakarrak egiten dituen fun­tzio guztiak. Izan ere, zazpi hilabete dira idazkaririk ez dugula udaletxean, eta bere funtzioak Hirigintzako teknikariak egiten ditu, zeini Bilduk oparitu egin zion kategoria profesional igoera bat eta soldata haunditzea, Hernaniko alkatetzara iritsi eta hilabeteko epean. Zein izan zen horretarako arrazoia? Gehiengo absolutua zutela eta nahi zutena egin zezaketela.
Pertsonaleko teknikaria kaleratu ondoren, gobernu-taldeak bere kabuz erabaki zuen Hirigintzako teknikariak hartuko zuela pertsonalaren kudeaketa bere gain, behin behinean. Bilduk uste badu udaletxeko kudeaketa teknikoa egokia dela, eta hernaniarren interes orokorrak ondo babestuta daudela, zergatik ez du plazaren bat ezabatzen? EAJ-PNVtik salatu nahi dugu herriaren kudeaketa gutxi inporta zaiela, udaletxearen interesak babesgabe uzten dituztela eta, udaletxeko aholkulari eta teknikoen artean, bakar batez fidatzen direla.
Garai txarrak, gure herriarentzat.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!