Komunikabideetan Hernaniko PSEk 2014ko Uztailak 15ean prentsa ohar bidez kaleratu duen informazioaren inguruan zenbait argibide eman nahi genituzke.
Kanpoko Igerilekuetako Tabernaren esleipenean oinarrituta, BILDUko gobernu taldeari gardentasuna eskatu digu PSEk. Isilean jokatu ohi dugula eguneroko jardunean salatu du gainera, eta hau guztia ez da egia.
Udal Gobernuak, Kanpoko Igerilekuetako tabernaren esleipenari buruzko prozesu guztiaren informazio zehatza eman dio PSE taldeari, eta oposizioko beste kide guztiei, hiru aldiz eta esleipena gauzatu aurretik.
1.- Kirol arloko Batzordean PSEko zinegotziari azalpenak eman zitzaizkion.
2.- Udaleko maiatzeko Osoko Bilkuran, oposizioko kide guztiak bertan zirelarik, azalpenak eman ziren baita ere.
Eta 3.-Kirol Zinegotziak, idatziz ere azalpenak eman dizkio PSEko idazkariari.
Azpimarratu nahi dugu informazio guzti hau esleipena gauzatu baino lehen jaso zuela oposizioak; eta ez PSEk, ez eta beste taldeek ere, ez zutela adierazi beraien desadostasuna jarraitutako bidearekin eta ez zutela inongo hobekuntza proposamenik egin.
Azalpen hauek nahikoak ez balira, gainera, prozeduraren inguruan zalantza guztiak uxatzeko asmoz, Udaleko Kontratazio Teknikariak txosten bat egin zuen BILDUko gobernu taldearen eta PSEren eskariz. PSEko kideek eta EAJ taldeak eskuetan duten txostenean argi eta garbi uzten da jarraitutako prozedurak ez duela inongo arazo legalik, hau da, Gobernu Taldeak zintzoki bete duela legeak esaten duena.
Prozeduraren barruan, kontratuaren luzapena ere baloratu dugu baina kontratua amaituta dagoenez ezin izan dugu luzatu. Ez dugu inor kaleratu, kontratua amaitu besterik ez da egin.
Hernaniko BILDUko gobernu taldeak argi utzi nahi du, azken hiru urte hauetan egin dugun moduan, prozedura honen inguruan ere gardentasun osoz aritu garela. Eta oposizioko taldeei behar adina informazioa eman zaiela beti. Edozein erakundetan jarduera politikoaren normaltasunaren adierazle da oposizioak galderak egitea eta gobernu taldeak eskura duen informazioa helaraztea. Kasu honetan ere, horrela izan da.
Oso bestelakoa da PSE taldeak egindakoa, gardentasunaren izenean informazioa eskatu du baina herritarren interesak defendatzeko lan egin beharrean, BILDUren ekimen politikoa zikindu eta susmo txarrak zabaltzeko erabili du. PSE da ekintza politikoan garbi jokatzen ari ez dena..
Beñat Amenabar Perurena
Hernaniko BILDUko Gobernu Taldearen izenean