Urteak dira herriko txistulariok lanean dihardugula Hernanin, bertako hainbat talde eta herritarrekin lankidetzan. Ahal izan dugun guztietan saiatu gara herri honen eskaera ezberdin eta ugariei erantzuten, urtean 100 emanaldi baino gehiagotan parte hartzen dugularik. Lan hori dena, herri honekin eta, bereziki, herri honen ondare kulturalarekin gutako bakoitzak hartu izan dugun konpromiso hutsagatik egin izan dugu beti.
Adibide bat bat aipatzearren, hortxe ekainaren 24ean (San Juan goiza) urte luzez egindakoak: diana (Hernaniko Musika Bandarekin batera) eta txistu kontzertua, biak ere aspaldidanik herri honen tradizio bilakatuak. Saioek prestakuntza behar izaten dute eta, kontzertuaren aurretik entsaioa beharrezkoa izaten denez, txistulariok goiz horretan ordu erdi inguruko atsedenaldi edo tartea besterik ez dugu izaten.
2013an, guraso talde batek San Juan goizean umeen azeri-dantza berezia antolatzea erabaki zuen. Jakinda txistulariok goiz horretan ezin genuela beste ekitaldirik garatu (San Juan goiza baita urtean barrena Hernaniko txistulari guztiok elkarrekin jarduten garen une bakarretakoa), hala ere, azeri-dantza hori derrigor ekainaren 24ko goizean egin behar zela erabaki zuten, herriko txistularioi iritzirik ere eskatu gabe. Hala egin dute 2013 eta 2014ko San Juan egunetan.
Egoera konpontzeko asmoz, txistulariok Hernaniko Udalaren eta San Juanetako Jai Batzordearen bitartekaritza eskatu genuen, guraso talde hori artean ez baitzen gurekin hitz egitera ere sekula azaldu. Hamar hilabeteren buruan, Udalak aurtengo apirilean hartu zuen bitartekaritza horren ardura eta bi aldeen arteko bilerak bultzatu. Horietan txistulariok berriro ere adierazi genuen San Juan goizean parte hartzeko genuen ezintasuna; alabaina, argi utzi genuen beste edozein unetan azeri dantza horretan jotzeko prest ginela. Akordioa ere lortu genuen: 2014ko San Juan egunez, txistulari batzuk salbuespen gisa gure lanak utzi, eta umeen azeri-dantza horretan aterako ginen, baina hurrengo urteetan ekitaldi hori garatzeko beste une bat aurkituko zen.
Akordioa lortu eta hilabetera ordea, harriduraz jakin genuen guraso talde horrek bere hitza jan eta uko egin ziola bilera hartako erabakia sinatzeari. Berriro ere Hernaniko txistularioi ezertxo ere esan gabe.
Hau guztia kontuan hartuta, jasaten ari garen mespretxu eta kalumnien aurrean, festak antolatzeko ardura duten San Juanetako Jai Batzordea eta Hernaniko Udalari ESKATZEN DIEGU:
1- Eten dezatela San Juan goizean azeri-dantza egitea eta guraso talde horren txistularionganako iraina.
2- Hernaniko herriak azeri-dantza duina merezi duelako eta horretarako txistulariak ezinbestekoak direlako besteak beste, herriko txistulariak duintasun hori emateko gauza diren bitartean, HERNANIKO AZERI-DANTZAN HERNANIKO TXISTULARIAK arituko direla berma dezatela.
Iñaki Eguren Etxabeguren eta Patxi Apezetxea Hernaniko txistularien izenean