2003-2007 legealdian, EAJ izan zen arduraduna, Hernaniko Udaleko Zerbitzu Publikoetan, Obra Publikoetan eta Gizarte Zerbitzuetan. Lau urte horietan, herriko zenbait auzo errehabilitatu genituen (Elizatxo 1 eta 2, Karabel, Portu, Zikuñaga, La Cumbre eta Santa Barbara). Eta eginda utzi genituen beste bi errehabilitatzeko proiektuak (Antziola eta Etxeberri). Igerileku irekiak egin genituen, Atsegindegiko plaza estalia eraiki, herritarren elkarteekin prozesu kontsultiboa ezarri genuen -urterokoa eta irekia-, zaharren egoitza haunditzeko proiektua eginda utzi genuen, gizarte laguntzak haunditu, jantoki soziala jarri, eta beste hainbat ekimen bultzatu genituen.
Aurrekoa idazten dut, 2003 eta 2007 arteko udal kudeaketa kritikatzen den idatzi batzuk azaldu direlako, eta ez dudalako arrazoia ulertzen. Egia esan, igerilekuak eraikitzean, arazo asko sortu ziren, espero ez genituenak, eta obren kostua haunditu egin zen. Hori dena behar bezala azaldu zen, eta duela zortzi urtetik, hernaniarrek instalazio erakargarri batzuez gozatzen dute. Bide batez, esan Ezker Abertzalearen legealdietan ez dela behar bezainbeste inbertitu, taberna-jatetxeak irabaziak emateko.
Oraindik ere instalazioak kritikatzen dituztenek, ikus dezatela zenbat bisita dituzten, eta konparatu bere defizita igerileku estaliak, kultur etxeak edo beste edozein zerbitzu publikok duenarekin.
Lau urtetan egin genuen guztiarekin, aurpegiratu diezaguketen bakarra hori bada, igerilekuko obretan desbideraketa izan zela, ba bai, onartzen dugu.
Azkeneko zazpi urteotan, ANV eta Bilduren gobernuekin, zer egin da? Zein enpresarekin? Denak daude gu bezain lasai? Garbi dago, ezer egiten ez duenari, gauzak ezin zaizkiola gaizki atera. Baina ondo, ezta ere.