GARAI batean, Urumea ibaiak sortzen zituen erriberei eta inguruko mendi-bailarei deitzen zitzaion Hernani. Gaur egun, zaila da imajinatzea nolako paisaia izango zen hura, erabat eraldatuta iritsi baita gurera. San Joan Konpartsako ki-deek urteetan atzera egi-te-ko aukera emango dute, eta duela 1000 urteko Hernani ekarriko dute gogora. 22ga-rren urtea da karroza ateratzen dutela; aurreko urteetan ere atera zuten Pili Lujanbio. Beraiek utzi zutenean, herritar batzuk bildu eta horri jarraipena eman behar ziotela pentsatu zuten. Azaldu dutenez, hasiera hartan garrantzitsua izan zen Xabier Odriozolaren lana eta konpromisoa, dantzak erakusteko. Ordutik, urtero atera dira ekainaren 27an Hernaniko kaleetatik barrena.
Herriko gaiak, beti
Urte luze hauetan hainbat gai landu dituzte, betiere herriarekin zerikusia izan dutenak: «garrantzitsua iruditzen zaigu Hernaniko historia berreskuratzea eta ezagutzera ematea, horregatik beti herriko gaiak lantzen ditugu», adierazi dute konpartsako kide diren Pepi Arrozpidek eta Jon Oñatek. Helburuetako bat herriko zenbait tradizio erakustea dela diote, gehientsuenak gaur egun galduta daudela uste baitute.
Gaia aukeratzeko asanblada batean elkartzen dira eta bertan erabakitzen dute zein izango den hurrengo gaia. «Denon artean adosten dugu gaia, eta proposamenak toki ezberdinetatik heltzen zaizkigu. Adibidez, duela bi urte Beñi Agirrek, Hernani Errotzeneko kideak, Nafarroako Konkistaren 500garren urteurrenaren inguruko gaia proposatu zigun. Eta aurten ere berak proposatu digu Hernanik 1000 urte gaia».
Liburuxka, urtero
Historiari eman nahi izaten diote garrantzia eta horretarako liburu batean oinarritzen dira beti: «liburu bat aukeratzen dugu eta hori lantzen dugu. Beti informazioa kontrastatzen saiatzen gara».
Urtero ateratzen dute gaiari buruzko liburuxka bat, eta aitortu dutenez, jende asko horren bila gerturatzen da: «pozgarria da nola jende asko Plazara hurbiltzen den liburuxka eskatzera». Liburuxka hori osatzeko, zenbait adituren laguntza ere izaten dute, hala nola, Jesus Mari Gomez Txuso Hernaniko Udal Artxiboko langilearena, edota Beñi Agirrerena ere. «Duela gutxi zendu den Antxon Agirre Sorondo historialariaren laguntza ere izan dugu urte guztietan, nahiz eta Hernaniarra ez izan, asko zekien herriari buruz», azaldu dute. «Hemendik ere konpartsaren esker ona eman nahiko genioke, eta omenaldi txiki bat eskaini», gaineratu dute.
80 lagun desfilean
Guztira 80 pertsonek parte hartuko dute aurtengo konpartsan, eta horietatik 56 lagun dantzan arituko dira. «Arratsaldeko 18:30etan aterako gara Plazatik, hortik Andrekalean behera eta Plaza Berrin dantzatuko dugu. Gero, Zinko-Enearuntz eta Kale Nagusian gora egingo dugu. Berriro Plaza Berri parean dantzatuko dugu, eta Plazan amaituko dugu dantzan ere», esan du Arrozpidek.
Dantza desberdinak prestatu dituzte taldekideek, eta kurtso osoan zehar euskal dantzak ikasten aritzen badira ere, maiatzean hasi ziren desfilerako dantzak ikasten: «astean bitan elkartzen gara entsaiatzeko, eta normalean guk prestatzen ditugu dantzak. Libe Oñate da horretaz arduratzen dena. Aurtengo desfilerako Peio Otano koreografo iruindarraren laguntza izan dugu, izan ere, bere bidez lortu genituen partiturak. Erdi Aroko musika da, oso zaila baita orain dela 1000 urteko dokumentuak topatzea», adierazi dute San Joan Konpartsako kideek. «Errenteriako Eresbil musika artxiboan galdezka ibili ginen, baina bertan ez zegoen ezer. Eta azkenean, Peio Otanoren bidez lortu dugu musika», gaineratu dute. «Urtero bezala, Hernaniko Musika Eskolako kideak aterako dira gurekin instrumentu ezberdinekin», esan dute.
«Helburuetako bat da herriko zenbait tradizio erakustea».«Aurten lan haundia egin dugu jantziak berritzen; eskerrik asko guztioi».
Jantziei garrantzia
Aurten jantziekin lan handia egin dutela aitortu dute: «jantziei garrantzia eman nahi izan diegu, eta arropa guztia berritzen ibili gara. Egia esan eskertzekoa da talde guztiak egin duen lana», kontatu dute. «Baina esker bereziak eman nahi dizkiegu Emi Gutierrez, Raquel Martin, Arantxa Moreno eta Isabel Etxeberriari, beraiek gabe zailagoa izango baitzen jantziak aurrera ateratzea».
Ramon Garcia jostuna eta euskal jantzietan adituarekin hitz egin zuten jantziak egiteko: «Garai hartako janzkerari, musikari eta dantzei buruz dokumentazio gutxi dago, eta Ramonek lagundu gaitu pixka bat jantzien inguruan».
Jantziez gain, urtero ateratzen duten karroza egitea ere lan handia dela esan dute, eta horretan ibiltzen direnei ere eskerrak eman nahi dizkiete, bereziki Luis Telleriari. «Lan asko egiten dugu, baina hala ere azken egunera arte ez dugu amaituko guztia muntatzen», azaldu du Oñatek.
Hernaniko San Sebastian Monastegia irudikatu nahi zutela adierazi dute, baina ezaugarriei buruzko informazio zehatzik ez zeukatenez, ez dute egin. «Bila eta bila aritu gara eta azkenean, uste dugu, Abrisketako (Bizkaia) San Pedro ermitak gordetzen dituela garai hartako ezaugarri gehienak ez baititu berrikuntzak jasan, eta beraz, bertan oinarritu gara», kontatu dute konpartsako kideek.