Duela sei urte, San Joanetako baserritarren egunean, herri kirolak berreskuratu zituen Elur Txori elkarteak. Txantxillako futbol zelaitik, Perurena, Arria II eta Olasagasti bezalako kirolari handiak pasa ziren urte askotan zehar. Baina, urte batetik bestera, desagertu egin ziren herri kirolak, San Joanetako festen egitarauetik.
Sei urtetik hona, ordea, gaur egungo herri kirolari handiak ikusteko aukera dugu: aizkolariak eta harrijasotzaileak Tilosetako frontoian, eta idi proba Plazan, jende ugari bilduz. Ostiralean izango da hori guztia, baserritarren egunean. Eguerdiko 11:30etan, Telleriaren eta Intxaurbururen bi idi pare ariko dira, nor baino nor, hogei minutuko saioan. Aurrena, bikote bat ibiliko da plazak egiten, eta ondoren, beste idi parearen txanda izango da.
Iñaki Intxaurburuk badaramatza urte batzuk, idi demen mundu berezi eta bitxi honetan. Antolakuntza lanetan ere ibili da, eta berak baino hobeto, gutxik ezagutzen dituzte Hernanin ospatzen den erakustaldia eta kirol honen nondik norakoak.
Plazako harbidea, probaleku
Herrian ez dago probalekurik, baina Plazako harbideak hartzen du probalekuaren tokia. «Harria errazago mugitzen dute idiek. Ohiko probalekuetan plazak egitea gehiago kostatzen da», dio Intxaurburuk. Ulergarria, harriak zoruan irrista egiten baitu, eta azalera gutxiagok zapaltzen du harbidea. Hori bai, berehala jaten du lurra, idiak pasatakoan geratzen den arrastoak erakusten duen bezala. Etzi, hogei minutuko bi saiotan lehiatuko dira Telleriaren eta Intxaurbururen idi pareak.
Intxaurburu ez da soilik erakustaldietan ibiltzen. «Duela hamar urte hasi nintzen idiekin lanean. Txapelketetan parte hartzen dut, baina batez ere, idiak hazten ditut eta gero saldu». Arrakasta handia izaten dute lehietan, berak hezitako idiek, eta horrek esan nahi du ederki zaintzen eta erakusten dituela Intxaurburuk: «Ez da erraza idi onak ateratzea, haztea eta lehiakorrak izatea. Ordu asko egon behar da beraiekin, eta asko lotzen duen kirola da. Kilometro asko egin behar dira idiekin. Ibili, ibili eta ibili».
Iñaki Intxaurburu: «Ez da erraza idi onak ateratzea; ordu asko egon behar da beraiekin»
San Joanetan, idi gazteak
Txikitatik izan duen afizioa ez zaio falta Iñakiri, eta oraindik idien munduan jarraitzeko asmoa du: «Momentu honetan bederatzi idi dauzkat, eta hamargarren bat erosi nahi dut, bost pare osatzeko. Ostiralean, horietako pare bat eramango dut. Dena den, ez naiz ni ariko hitzain lanetan, orain gutxi gerriko ebakuntza egin didate eta. Baina bertan egongo naiz».
Idi pare gazteak dira Hernanira ekartzen dituztenak, eta Intxaurbururi hori gustatzen zaio: idi gazteak haztea, gero ahalik eta garaipen gehien lortzeko plaza desberdinetan. «Orain gutxi Ergobian eta Laudion irabazi ditugu mantak, eta Errezilen eta Aizarnazabalen hirugarren postua lortuak gara», azaldu du. Bizkaia aldean ere asko lehiatzen da, bertan izugarrizko afizioa baitago, eta bertan jartzen baitira jokoan txapelketa garrantzitsuenak. Urteko garrantzitsuena izango da Abadiñoko San Blasetako txapelketa, eta Intxaurburuk bertara eramaten ditu idiak: «Baita Gatika eta Durangaldeko herrietan ospatzen diren txapelketa eta erakustalditara ere».
Olasagasti-Ander Erasun, aizkolarien lehia
Idi dema ez da izango txapelketa bakarra, ostiralean. Egun berean, Hernanin izango da Urrezko Aizkolariak Ligako aurreneko jardunaldia. Udaran zehar jokatzen da txapelketa, Egur Sport enpresak antolatuta. Euskal Herriko herri desberdinetan egiten dira saioak, eta duela sei urtetik, Hernaniko Tiloseta ohiko lekua da, saioetako bat egiteko. Elur Txori elkarteak lortu zuen txapelketa herrira ekartzea.
Aurten, bi aizkolari handi ariko dira. Ander Erasun gaztea eta Joxemari Olasagasti handia. Izugarrizko udaberria izan du Olasagasti igeldotarrak, apustuz apustu. Arrakasta ederrak lortu ditu, Arria V eta Jon Irazuren aurka, eta baita bakarkako 20 oinbiko lanean. Erasun gaztea Aurtiz Labaiengoa da, eta Urrezko Aizkolariak txapelketa irabazi zuen 23 urtez azpikoen artean. Festa borobiltzeko, Joseba Ostolaza ariko da harrijasotzaile lanetan.