«Zu azkar zoazenean eta norbait aurrean dagoenean okertu egin behar izaten da, eta horrek beldurra ematen du»

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Mitxelena Garmendia 2014ko eka. 14a, 02:00

Bidegorria gero eta gehiago erabiltzen den honetan, astigartar haundi eta txikiek garbi dute Donostiaraino bizikletaz joan ahal izatea garrantzitsua dela.

Astigarragako Txirrindulari Taldeko Ander Goikoetxea Oka­rizen arabera pauso garrantzi­tsua da, Martutene eta Loiola arteko bidegorri proiektua, «Nahiz eta gure taldeko asko errepideko txirrindulariak izan, mugikortasun jasangarriaren alde egiten dugu, eta bai bizikleta eta baita bidegorriak erabiltzeko deia egin ohi dugu. Horiek erabili ahal izateko derrigorrezkoa da bidegorri sare potente bat izatea, eta nondik nora dijoan jakitea. Gai­nera, jakin badakigu Her­nani aldean ere egiten ari direla aldaketa batzuk, eta hemen dugun bidegorriaren jarraipena han ere egingo dela. Berri ona, dudarik gabe!». Horretaz gain, haurrekin egiten dituzten ekintzetarako ere bidegorriak izatea ezinbestekoa da: «Orain dela gutxi hasi gara haurrekin irteerak antolatzen. Lehenengoa Elorrabira egin genuen, eta ez ginen bidegorritik bakarrik joan. Horregatik da garrantzitsua bidegorri sarea, ekintza hauek aurrera ateratzeko, segurtasuna bermatzeko eta helmuga eta norabide gehiago izateko».

«Donostiara bizikletaz joaten garenean espaloitik joan behar dugu zati askotan, eta aspergarria da, jendea daukazulako aurrean eta molestatu egiten dutelako»


Txirrindulari txikiek ere badute beren hitza. Bederatzi eta hamar urteko Astigarra­ga­ko Ane Etxeberria Beldarrain, Izaro Arraras Santesteban eta Ilargi Goikoetxea Suberbiolari gustatzen zaie bizikletan ibil­tzea. Beraiek bakarrik dabiltzanean Astigarragan ibiltzen dira, kalean, espaloian. Baina gurasoekin edota arduradun batekin gustatzen zaie bidegorrietan zehar ibiltzea: «Donos­tiara bizikletaz joaten garenean espaloitik joan behar dugu zati askotan, eta aspergarria da, jendea daukazulako aurrean eta molestatu egiten dutelako» dio Ilargi Goikoetxeak, «gai­­nera batzuetan sustoa ematen diezu, eta beraiek ere beldurtu egiten dituzu» gehitu du Izaro Arrarasek.  Ane Etxe­berriak ere badaki zer den hori  «zu azkar joaten zarenean eta norbait aurrean dagoenean pixka bat okertu behar duzu eta beldurra ematen du horrek».
Azken batean, lege eta arau berri, joera, eta herri berdea izatea modan (oraingoan, onerako) dagoen garai honetan, mugikortasun jasangarriaren bultzada pil-pilean dagoen garai honetan, horrelako bide eta lanak oso garrantzitsuak dira, mugikortasuna jasangarriaz gain segurua ere izan dadin. Modatik modara badago alderik, ezta?

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!