Herri berdeak bide gorrian

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Mitxelen Garmendia 2014ko eka. 14a, 02:00

Txomin Enea eta Martutene artean bidegorria egiteko proiektua aurkeztu berri dute, eta horrek Astigarragari eragingo dionagatik, proiektuaren berri azalduko dugu. Datozen hilabeteetan hasita, 4 hilabetez luzatuko da proiektua, eta 568.172,55 euroko aurrekontua du.

Egingo diren aldaketen artean daude espaloiei lurra ematea eta oi­nezkoen ibilbidean oztopoak kentzea, galtzadak estu­tzea eta semaforodun zebrabideak jartzea. Ho­rie­taz gain, trafikoa lasaitzeko neurriak ere hartuko dituzte inguru horretako abiadura mu­gak jaitsiz eta trafikoa Antzieta eta Martutene Pasealekuetatik Urumea ba­riantera bidaliz. Horrela, oinezkoen eta txirrindularien segurtasuna hobetu nahi dute.
Txomin eta 27. poligonoko errotonda arteko obrak probisionalak izango dira, bertan egiten ari diren lanak bukatu bitartean. Bestalde, 27. poligonotik Martutenera bitartekoak behin betikoak izango dira. Horrela, Udal bidegorri sarea (oraingoz Loiolan, kuartelaren parean amaitzen dena)eta Foru bidegorri sarea (Astigarragatik etorri eta Martutenen amaitzen dena) lotu ahal izango dira azkenean.
Proiektu honen nondik no­rakoak finkatzeko, besteak beste, parte hartze prozesuak egin dira, herritarrek zein behar dituzten ikusi ahal izateko. Horietan argi ikusi da Astigarragatik Donostiara joateko oinezkoek eta txirrindulariek bide hobe bat behar dutela. Beraz, jasotako informaziotik ateratako gomendio eta eskaerak aintzat hartu dituzte susta­tzaileek proiektua idazterakoan, eta seguru daude egin nahi dituzten hobekuntzek bertako bizilagunen bizi kalitatea hobetzeaz gain, Donostiako zentroarekin edota inguruko herriekin garraio ez motorizatuaren bidez mugitzeko aukera haunditzen dutela.

Ingurua leuntzeko beste pauso bat
Proiektuaren helburua Txomin eta Martutene ingurua leun­tzea, humanizatzea da, oinezko eta txirrindularien baldintzak hobetuz eta bide horretan garraio pribatuaren erabilera gutxituz.
Proiektu honek barne har­tzen ditu Astigarragatik datorren bidegorria Txomin Enearaino luzatzea eta Donostiatik datorren 4. ibilbidea (Euskadi plaza – Loiola) edo 1. Ibilbidea (Paseo Be­rria - Anoeta) luzatzea, 1. ibilbidea Paseo Berria – Martutene bi­hur­tuz. Hala, egingo den bidegorri eta pasealeku berriak 2.400 metro izango ditu Urumearen erriberatik, eta 1.760 metro Uru­mea pasealekutik, galtzadatik.

«Parte hartze prozesuetan argi ikusi da Astigarragatik Donostiara joateko oinezkoek eta txirrindulariek bide hobe bat behar dutela»

«Bidegorri sarea oso garrantzitsua da haurrekin egiten ditugun ekintzak aurrera ateratzeko,  segurtasuna bermatzeko eta helmuga eta norabide gehiago izateko»

Txomin Eneara bai, Loiolara ez
Donostiatik datorren bidea Loiolako kuartelaren parean bukatzen da, eta egingo diren lanek ezingo dute ziklista-bidea puntu horrekin lotu lekua ez da eta egokia egin behar diren lanak egiteko: errepidea, ibaia, trenbidea… Beraz, bidegorri sare honek Txomin Eneatik Loiolara hutsune bat izango du, eta oraingoz, obrak bukatu arte itxaron beharko da zein irtenbide eskaintzen duten ikusteko. Bestalde, oraintxe ari dira Txo­min Enean eraikiko den urbanizazio berriaren lehen lanak egiten, eta proiektu horren ba­rruan ziklista-bide berriak daude. Dena den, horiek eraiki bitartean probisionalak diren bideak egingo dira.

Proiektuaren aurrekariak, Kalapiek Udalari
Loiola eta Martutene arteko ziklista-bidearen aurreproiektua Kalapie elkarteak aurkeztu zion Donostiako Udalari 2011. urtean. Udalak proposamena aztertu ondoren  2012 eta 2013. urteetan bi proiektu idatzi zituen, proposamena bi zatitan banatuz: lehenengo zatia Loio­latik 27. poligonora; eta bigarren zatia 27. poligonotik Tran­bia Kalera. Proiektu hauek 2013. urtean aurkeztu ziren Donos­tiako Udalean. Urte horietan zehar parte hartze prozesu batzuk izan dira Martutene eta Txomin Eneako bizilagunek zein behar dituzten jakiteko. Eta hala, Kalapieren proposamenetik abiatu eta ondorengo proiektu eta parte hartze prozesuetan jaso eta idatzitakoa aintzat hartuta Donostiako Uda­leko Azpiegitura eta Hiri­gintza zerbitzuak behin betiko proiektua idatzi zuen 2014ko mar­txorako. Proiektu hori da ekainaren 5ean jendaurrean aurkeztu eta datozen hilabeteetan aurrera eramango dutena.

MARTUTENE-LOIOLA ZATIA BERRITZEAK ONURA HAUEK IZANGO DITU:
l  Aintzieta eta Martutene Pasealekuetan galtzadaren ezaugarriak hobe­tzea: ibilgailuen abiadura gutxitzea, oinezkoen eta txirrindularien segurtasuna haunditzea eta herritarren eskariei erantzutea.
l Foru eta Udal bidegorri sareari Jarraipena ematea,  mendebaldetik datozen txirrindulariei Martutenera, Txomin Eneara eta 27. poligonora sarrera erraztuz. Hala ere, lotura ez da benetakoa, azken zatitxo bat falta zaio eta proiektuari: Txomin Enea eta Loiola lotuko dituena.
l Oinezkoen guneak hobetzea: espaloien zolaketa eta semaforodun zebrabideak. Bestalde, bide horretan zehar aurreikusita dauden obrak egin bitartean behin-behineko aldaketak egingo dituzte. Adibidez, Martuteneko zubia bota arte, zati hori txirrindulari eta oinezkoak pasa ahal izateko moduan utziko dute.
l Ibilgailuen abiadura gutxitzea: seinale horizontalak jartzea, galtzadak estutzea…
l Trafikoa gutxitzea Urumea Bariantera bidaliz.
l Ibilgailu ez motorizatuaren erabilpenari bultzada ematea, poligono industrialerako sarrera erraztuz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!