Aurten ere iritsi zaie gure ikasleei hiru egunetako trantze larria: Selektibitateko azterketa.
Oraingoan, Gaztelera eta Literaturarekin hasi dira, jo eta ke. Javier Mariasen testu iruzkina (El Paisen 2011n argitaratua, ia 1.000 hitzekoa jatorrizkoa/proban 500 inguru) eta, oker ez banago, Blas de Oteroren poesia landu behar izan dituzte. Kurtsoan zehar landutako gaiak biak ere, ikasleek urduri egon arren, txukun egingo dituztenak, zalantzarik gabe. Atzetik Filosofia, Historia, Hautazko gaiak… eta azken egunean, hizkuntzak: hau da, Euskara eta Ingelesa.
Urteak eta urteak dira eskema bera praktikan jartzen dela. Ez da gauza berria, 20 urte izango dira, eta ez da Werten legeak ezarritako aldaketa ere. Euskara eta Ingelesa neurtzeko B2 pareko azterketa egiten dute ikasle guztiek. Alegia, nahiz eta D, B edo A ereduan ikasi, ikasle guztiek azterketa bera egiten dute: testu labur bat (200 hitz inguru), ulermeneko galderak (aukera anitzekoak edo irekiak), berridazketak edo hitz batzuk testuan aurkitzea, eta idazlana (200 hitz ingurukoa).
Euskara eta literaturako irakasleei zaila egiten zaie Batxilergoko programazioan dituzten eduki/helburuak lantzea, eta mailari eustea eta sakontzea, jakinik, gero, gaur egun ikasleentzat horren garrantzitsua izango den proban, beste zerbait eskatuko zaiela. Ebaluazioaren arloan ezaguna den esaldia datorkit gogora: ebaluatzen ez dena ez da ikasten.
Horrek zer ondorio dakar? Euskal literatura gero eta gutxiago lantzea, testu laburrak irakurtzea, azterketan ez dituzte luzeak jartzen, testu iruzkinik ez egitea edo oso maila apalean lantzea…
Are gehiago, uste okerra dela, esango nuke, pentsatzea euskaraz ongi ez dakitenek Gazteleraren antzeko proba bat egin ezin dezaketenik Euskara eta literatura gaian, gazteleraz hain ongi ez dakitenek ere, ongi ikasten baitute Selektibitatean eskatuko zaiena, eta baita maila ona lortu ere. Seguru nago gure ikasleak, landuz gero, eta batez ere, ebaluatuz gero, gauza izango liratekeela testu iruzkina lantzeko eta baita Gabriel Arestiren poemak aztertzeko ere.
Gogoeta honekin batera, zorterik onena opa diet aurtengo Selektibitateko azterketa egin duten ikasle guztiei eta uda ongi pasa dezatela.
Aintzane Ibarzabal Esnaola
Hernani BHIko irakaslea