Aurtengo jaien antolaketa izan da Florida-Etxeberriko auzo elkarte berriaren lehenengo erronka. Hala ere, ‘Auzokide’ zerbait gehiago izateko jaio da: «Herriko beste auzo elkarteen antzera funtzionatu nahi dugu», diote elkartea sortu dutenek. Horretarako, Udaletxeak lokal bat utzi die. Oraingoz ez dute erabiltzen, baina, Jaiak bukatzean, lokala erreformatu eta lanari buru-belarri ekingo diote.
Aurtengo jaien antolaketa ‘Auzokide’ elkartearen ibilbidearen lehenengo pausua da.
Mendekosteko jaiek ospea zuten urte horiek gogora ekarri eta argi dute beren xedea zein den: «Berriro auzo elkartu bat izan nahi dugu». Beren helburua lortzeko lehen pausua besterik ez da izan jaien antolaketa. Ibilbidea abenduan hasi zen. Ordutik, lan eta lan aritu dira bizilagunen parte hartzea sustatzeko: auzotik kartelak jarri, ‘Auzokide’-ren proiektua zabaldu... «Bizilagunak laguntzeko prest azaldu dira beti, bai gazteak eta baita beste garai batzuk ezagutu dituzten nagusienak ere», azaldu dute antolatzaileek.
Auzoko kamiseta eta zapia
‘Auzokide’ elkartearen sorrerarekin, Mendekosteko Jaiek Udaletxearen eskutik diru-laguntza bat jaso du. Honek asko laguntzen badu ere, Jai Batzordeak berezko finantzaketa moduak bilatu behar izan ditu.
Festetako kamiseta eta zapiak saltzeaz gain, antolatzaileek saltoki kolaboratzaileak bilatu ditu Mendekosteko jaiak diruz laguntzeko.
Festak diruz laguntzeko, antolatzaileek kamisetak eta zapiak jarri dituzte salgai. Dagoeneko gutxi batzuk saldu dira eta gaurtik aurrera bizilagunek gehiago erostea espero dute. Jaietako gastu batzuk estaltzeaz gain, «auzotarrak sentiarazteko» balioko duela uste dute Jai Batzordeko kideek.
Bestalde, kolaboratzaileak ere bilatu dituzte. Xoxa gutxi batzuen truke, auzoko eta inguruko saltokiek jaien programa eta kartelean iragartzeko aukera izan dute. Honen harira, Florida-Etxeberriko Jai Batzordeak barkamena eskatu nahi die iragartzeko aukera izan ez duten saltokiei.