San Joanetarako astetxo batzuk falta badira ere, Hernani festa giroan murgiltzen hasi da asteburu honetan. Jai hotsak entzungo dituzten lehenengoak, besteak beste, Florida-Etxeberriko bizilagunak izango dira. Hamahiru urteko lehortearen ondoren, Mendekosteko Jaiek berriz ere auzoa ekintzez bustiko dute. Dianak markatuko du jaien hasiera gaur goizeko 09:00etan eta, jaiei ginda jartzeko, sagardo dastatzea antolatu dute bihar eguerdirako.
Hamahiru urte festa gabe
80eko hamarkadan Mendekosteko jaiak gailurrera heldu ziren. Orduan, gaur egun Jai Batzordea osatzen duten kideak gazteak ziren, eta beren azalean bizi izan zuten ospe hura. Urteak pasa eta, beste auzo batzuetan pasa zen bezala, jaiak fama galtzen joan ziren eta 2001 urtean antolatzaileek bukaera iragarri zuten.
Orain, erreleboa hartu dieten hauek tristuraz gogoratzen dute momentu hori: «Hasieran ez genion garrantzia handia eman, baina urteekin festen bukaera galera handia izan zela konturatu gara, berreskuratzea asko kostatu zaigun galera, alegia». Askotan hitz egin izan dute lagunartean festak errekuperatzeaz; aurten, ordea, «esan eta egin». Abendutik dihardute antolaketa lanetan bi egun hauek ezinhobeto atera daitezen.
Jaien bukaeraren zergatia ez dakite zehatz-mehatz, baina badirudi diru kontua ere izan zela: «Hainbat ekintza egiteari utzi zitzaion hauek suposatzen zuten gastuarengatik eta, ondorioz, festetara etortzen zen jendea ikaragarri gutxitu zen». Hori ikusita, jaiak merketze aldera, Jai Batzordeak beste era batera bideratu nahi izan ditu. Aurtengo jaiak motzagoak dira (aurreko hiru egunetatik, egun eta erdira pasa dira), egun argiz biziko dira, eta haurrei zuzenduta daude, batez ere.
Paella janak, ikusmin berezia
Gaur goizean hasiko diren Mendekosteko festen egitaraua hamazazpi jarduerek osatzen dute. Bata bukatzen denean hurrengoa hasiko da; beraz, aspertzeko unerik ez da izango.
Jai Batzordearentzat ekintza guztiek garrantzia bera duten arren, bereziki batek ikusmin handia sortu du auzokideengan; paella janak, hain zuzen ere. 400 lagunentzat antolatu den bazkari herrikoia gaur eguerdian izango da Etxeberriko frontoiean. Platerkada bat jan ahal izateko, dagokion txartela erosi beharko da euro baten truke. Jaiak hasi baina lehen, dagoeneko 230 txartela inguru saldu dituzte.
Bestalde, betiko haur danborradaren irtenaldia ere gogoz espero da. Danborrada osatzen duten 50 haurrek Mendekosteko egun handiko protagonista bihurtuko dira bihar. Baina hori ez da beren irtenaldi bakarra izango, izan ere, urtero bezala, San Joan egunean ere danborra joaz aterako dira, orduan, Kaxkotik, eta Santa Barbara elkarteko haurren laguntzaz.
«Urteekin festen bukaera galera handia izan zela konturatu gara, berreskuratzea asko kostatu zaigun galera, alegia».
Horiez gain, besteak beste, haurrentzako jolasak, festa askotan ohikoa den patata tortilla lehiaketa, Marsel Magoaren emanaldia eta sagardo dastatzea egongo dira gaur eta bihar artean, egun argiz.
Gauean, musika
Jai giroa borobiltzeko, musika ere ez da faltako. Mikrofonoa hartu eta une batez abeslari sentitzeko aukera izango du nahi duen orok gaur ilunabarreko 20:00etatik aurrera, karaokean. Bitartean, zezen mekanikoa jarriko da ausartenek proba dezaten.
22:00etan Disko festari hasiera emango zaio, baina lehenago, frontoian jarriko duten barran ogitartekoak afaltzeko aukera eskainiko du Jai Batzordeak. Goizaldeko 01:00ean bukatuko da DJaren sesioa eta, horrekin, gaurko ekintza-sorta.
Barrakak Parke Berrian
Festek irauten duten bitartean, barrakak ere egongo dira haurrentzat. Vila Politena eta Etxeberri arteko parke berrian, ohe elastikoak, tiro pitxon-a, txikienentzat tiobibo bat eta txiki park-a jarriko dira. Haurrei hainbeste gustatzen zaizkien oheak ordu mugatu batzuen barruan dohainik izango dira.
Etorkizuneko planak
Jai Batzordeko kideak gogoz eta ilusioz egin dute lan azkeneko hilabeteotan gaur hasten den asteburua ahal den hobekien atera dadin. Hala ere, zalantza azaltzen dute beren etorkizunari buruz hitz egitean: «Ez dakigu zer gertatuko den, dakiguna da guk hau haztea nahi dugula». Oraingoz, bizilagunen erantzuna «oso positiboa» dela adierazi dute; jendea ilusioarekin dagoela nabaria da, baina zenbakiak ere aztertu beharko dituzte biharamunean: «Galerarik ez edukitzea espero dugu», diote antolatzaileek.
Ibilbide luzea irudikatzen dute, horregatik, etorkizunean egi bihurtu daitezkeen ametsak ez zaizkie falta: «Aurrerago helduen danborrada berriz antolatu nahiko genuke». Gainera, festak inguruko auzoetara zabaltzeko asmoa ere badute. Aurten lortutakoa ikusita, ez da hain zaila izango.